HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Uztailak 26
Aldi hartan, parabola hau esan zion Jesusek jendeari: «Zeruetako erreinuarekin gizon batek soroan hazi ona erein zuenean bezala gertatzen da. Jendea lo zegoela, etorri zen etsaia eta gari artean iraka erein eta alde egin zuen. Garia hazi eta burutu zenean, han azaldu zen iraka ere. Joan ziren, orduan, morroiak etxeko nagusiagana eta esan zioten: “Jauna, ez al zenuen hazi ona erein soroan? Nondik dator, bada, iraka?”. Nagusiak erantzun zien: “Etsaiaren lana da hori”. Morroiek, orduan: “Joango al gara iraka biltzera?”. Eta nagusiak: “Ez! Ez dadila gerta, iraka biltzean garia ere ateratzea. Utzi biak batera hazten uztaroa iritsi arte; orduan, igitariei esango diet: Bildu lehendabizi iraka, lotu eta erre; garia, berriz, jaso nire mandiora”».
Mateo 13, 24-30.

Gaurko egunean biziki ederra da ebanjelioaren pasarte hau. San Joakin eta Santa Anaren eguna, Maria maitasun osoz hazi eta hezi zuten pertsonak, Jesusen ama izateko prestatu, babestu, indartu eta ausarta izateko hezi zutenak.
Parabola hau entzutean, gure ingurura begiratu eta baliteke burura etortzea hazi ona zein iraka izan daitezkeen pertsonak. Argi dago Jainkoak ez gintuela onak eta gaiztoak erein, baina batez ere, argi dago Jainkoak den-denak maite, ulertu eta barkatzen gaituela. Horregatik denak batera hazi egiten gara eta denok dugu aukera gure bizitza prozesuan, hazi on bihurtzeko. Ez al gara ba, gu geu, zenbaitetan hazi on eta besteetan iraka? Ez al ditugu kontraesan eta gorabehera hauek denok gure baitan izaten?
Jainkoaren erreinua hazi eta zabaldu egiten da denon artean gai garenean elkarrekin garia biltzeko iraka baztertuz. Eta horretarako, ezinbestekoa dugu zubi lanak egitea, besteak entzutea, elkarren zauriak sendatzea eta ulerkortasunez bizitzea. Honek lagunduko digu iraka baztertzen eta gari ale ederrak biltzen Maitasunaren erreinua eraikitzeko. Prest al nago horretarako?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments