HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Uztailak 25
Aldi hartan, zebedeotarren ama hurbildu zitzaion Jesusi bere semeekin eta aurrean ahuspeztu, eskari bat egiteko. Jesusek galdetu zion: «Zer nahi duzu?». Eta hark: «Agindu ezazu nire bi seme hauek, eser daitezela zure erreinuan bata zure eskuinean eta bestea zure ezkerrean». Eta Jesusek: «Ez dakizue zer eskatzen duzuen. Gauza al zarete Nik edan behar dudan kalizatik edateko?». Erantzun zioten: «Bai, gauza gara!». Jesusek orduan: «Nire kalizatik edan, bai, edango duzue; baina nire ezker-eskuin esertze hori, ez dago nire esku inori ematea; nire Aitak norentzat prestatua duen, hari emango zaio». Gainerako hamarrak, hori entzutean, biziki haserretu ziren bi anaiekin. Baina Jesusek dei egin eta esan zien: «Badakizue herrietako agintariek menpean hartzen dituztela herriak, eta handikiek beren agintea ezartzen dietela. Ez bedi izan horrela zuen artean; baizik eta zuen artean handi izan nahi duena izan bedi zuen zerbitzari, eta zuen artean lehenengo izan nahi duena izan bedi zuen morroi. Gizonaren Semea ere ez baita etorri zerbitzatua izatera, zerbitzari izatera baizik, eta bere bizia askoren ordainsari ematera».
Mateo 20, 20-28.

Zenbatetan lehenak izatea desio dugun! Zenbatetan errekonozimendu gosea izaten dugun! Gizakiak gara eta nahiz eta jakin hau ez dela Jesusen estiloa, barrutik sortzen zaigun zerbait da. Onartzea ez da gauza txarra, hasteko behintzat.
Gure bizitzan, ordea, “handi izateko” zerbitzari bilakatzeko eskatzen digu Jesusek, gauza handiak, txiki asko elkartzen direnean gertatzen direlako. Paisaia eder bat ikusten dugunean, osotasuna jasotzen dugu baina edertasun hori eragile txikiz osatua dago: loreak, belarrak, hegaztiak, hostoak, zeruko hodeiak, argiaren islada, baserriak… Eta hauek ez dute euren artean lehiatzen, baizik eta, bakoitzak bereari eusten dio umil eta tente, bere txikitasunean edertasun handi baten zati bilakatuta.
Horixe da, bada, Jesusek eskatzen diguna: ez bilatu nabarmentzea besteen gainetik, baizik eta zure betebehar xume eta ezinbesteko egin ezazu, isiltasunean eta duintasunez. Denok dugu gure tokia paisaia eder honetan, denok dugu gure inguruko metro karratua edertasun eta maitasunez josteko Jainkoaren erreinua.
Prest egon gaitezen, bada, gure eginbeharra bizitzan egiten saiatzeko gure txikitasunetik Jainkoaren handitasunerako bidea eginez.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments