HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Uztailak 24
Aldi hartan, Jesusengana hurbildu eta galdetu zioten ikasleek:
«Zergatik hitz egiten diezu parabola bidez?». Jesusek erantzun zien:
«Zuei eman zaizue zeruetako erreinuaren misterioak ezagutzea; horiei, ordea, ez. Izan ere, duenari eman egingo zaio eta gainezka izango du; ez duenari, ordea, duen apurra ere kendu egingo zaio. Hona zergatik hitz egiten diedan parabola bidez: begiratu bai, baina ikusten ez dutelako; entzun bai, baina aditzen ez dutelako, ezta ulertzen ere. Horrela, Isaias Profetak esana betetzen da horiengan: Entzungo duzue, bai, baina ulertu ez; ikusiko duzue, bai, baina ohartu ez. Izan ere, herri honek gogortu egin ditu buru-bihotzak, gortu belarriak, itsutu begiak. Ez bezate begiez ikus, ez belarriez entzun, ezta buruaz ulertu ere, horrela nigana bihur ez daitezen eta salba ez ditzadan”. Zorionekoak, ordea, zuen begiak, ikusten dutelako, eta zuen belarriak, entzuten dutelako. Benetan diotsuet: profeta eta zintzo askok ikusi nahi izan zuen zuek ikusten duzuena, baina ez zuen ikusi, eta entzun zuek entzuten duzuena, baina ez zuen entzun».
Mateo 13, 10-17.

Jesusek ez ditu teologia edo eduki abstraktoak erabiltzen Berri Ona guregana ekartzeko. “Erreinuaren misterioa” ulertzeko aukera eskaintzen zaigu Jesusen parabolen bidez. Eta hauekin, erraztu egiten zaigu gure eguneroko bizitzara egokitzea Jainkoaren mezua.
Baina honek gure aldetik bihotz samurtasuna eta irekiera eskatzen du, prest egotea umiltasunez bere Hitza entzun eta jasotzeko. Bestela begien aurrean duguna ezin dugu ikusi, edo belarrietara heltzen zaigun mezua entzun ez.
Jesusek gonbidatzen gaitu bere eskutik eguneroko gauzetan Jainkoa ikusi eta entzutera, gure bizitzak alda ditzaketen bihotzetik pasatzen diren ezaguerak jasotzera.
Ez dezagun bihotza gogortu arrazonamenduaren indarraz, ohiko gauzetan eta fedeak gidatuta, konfidantza izan dezagun Jainkoak oparitzen digun mezua jasotzen. Emaizkiguzu, bada, Aita ona, ikusten duten begiak eta entzuten duten belarriak.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments