Gogoeta honen izenburua sinodalitateari buruzko sinodoaren azken testuan agertzen da, 13. zenbakian hain zuzen. Esaldia hauxe da: “Elkarrekiko mendekotasunak gorpuzten du sinodalitatearen bihotza”. ‘Elkarrekiko’ horrek hiru pertsonaiari egiten die erreferentzia: Magdalako Mariari, Pedrori eta Dizipulu Maitatuari.
Hiru horiek, pertsonaia historikoak izateaz gain, tradizio banaren sinboloak dira. Pertsonaia eta sinboloa “elkarren gainean” jartzen dira uneoro. Lorratz horri jarraituz, hona hemen gaurko gogoetaren galdera: pertsonaiez harago, sinboloari erreparatuz, zer adierazten dute?
Laburbilduta, sinbolo horietako bakoitzean, besteak beste, ondorengo aztarnak identifikatu genitzake (sinplifikazio nabarmena eginez):
Magdalako Maria da berpizkundearen lehendabiziko lekukoa. Jesus, gurutziltzatua izan zena bizirik dagoela aitortu duen bizipen mistikoa. Haren lekukotasunari begira, Berpiztuarekin izan duen topaketa ez da haren arrazoinamenduaren dedukzioa, ezta iraganean bizi izandakoaren oroimin gaixoa ere, ustekabeko harreman benetakoa baino.
Pedrok ‘Eliza handia’ ordezkatzen du, ordurako, antolatuta zegoena eta, neurri batean, arrakasta izan duena kristautasunaren hasieratik. Eliza antolatua da eta bertan orden bat sortu da: ministerioak, funtzioak, zerbitzuak, etab. Bertan bazegoen (badago) autoritate bat eta autoritate horren sinboloa da Pedro: “gidari izateko mandatua jaso zuena” (13. zk.). Autoritateak Magdalako Mariaren abisua aditzean, hilobira abiatu da eta bertan, hilobi hutsean, gauzak non eta nola dauden jaso duen aktaren arduraduna izan da, baina gertatutakoari antzik eman gabe. Dizipulu Maitatua da Magdalako Mariaren abisua jaso duen bestea. Hierarkiarik gabeko komunitatearen tradizioa, non autoritate bakarra maitasuna den eta senide bakoitza Espiritu Santuaren egoitza den. Senide berdinen elkartasunaren ametsa, beste eranskinik gabe: konfiantza, antolamendu maskala (agian, makala), lotura karismatikoa, harreman horizontalen soiltasun gardena eta erakargarria.
Hiru tradizioak presente daude Itun Berriko testuetan, baina atezuan, elkarri tenk egiten.
Oso hausnarketa iradokiorra iruditu zait. Eskerrik asko!