2025eko ekainaren 5ean, El día en 24 horas izeneko TVEren saioan parte hartu zuen emakumezko kazetari batek adierazi zuen ateoa izatea erabaki zuela ohartu zenean Jainkoak (kristauenak, suposatzen dut) betiereko sufrimendu oso mingarriekin zigortzen dituela bekatariak (betiereko suarekin, esan ohi dugu). Hala balitz, ez litzaioke delako kazetariari arrazoirik faltako, nik ere ezin baitut horrelako Jainko batengan sinetsi. Neurri handi batean, nahasteka horren errua kristau(?) askok daukagu, zigor hori hedatu baitugu, borondate onez sarritan, mendeetan zehar[1]. Garaia da kristauok, Nazareteko Jesusen benetako mezua zabaldu nahi badugu, zentzudunak izan gaitezen.
Baina, ekainaren 5eko saioan, atentzio handiena sorrarazi zidana izan zen kazetariak ateismoa hautatzeko eman zion, nire ustez, argudioaren sendotasun eskasa.
San Agustinen (eta A. Einsteinen[2]) ustez, Jainkoari buruz zerbait adierazten dugunean: ‘Bekatariak krudelki zigortzen dituela’ kasu, edota, aldeak alde[3], ‘kreatzailea edo Aita dela’, asmatu baino gehiago huts egiten dugu: “Quid mirum si non comprenhendis? Si enim comprehendis, non est Deus. Sit pia confessio ignorantiae magis, quem temeraria professio scientiae” (San Agustin. CXVII. sermoia, C. I, 5)[4].
Hori guztiori kontuan hartuta, Jainkoari buruzko irudi zein metafora batek eskandalizatzen gaituenean, ‘Zigortzaile gogorra dela’, esaterako, nire iritziz, lehenengo erreakzioa ez da izan behar Jainkoa ukatzea (ateismoa aukeratzea, alegia): “Hain argitu ote gera ba intelektualki, jainko baten misterioa arbuiatzeko!” (X. Lete). Hori barik, kontu handiz, aztertu beharko genuke Jainkoaren irudi arbuiagarri horrek egiantzekotasun-itxurarik duen ala ez: “Ebaluatzeko azken irizpidea da gizakia sendotzen duen ala ez” (J. A. Estrada), eta, egiantzekotasun-itxurarik ez badu, Jainkoaren irudi deformatzaile hori aldatzen edota garbitzen saiatu beharko genuke; azken buruan, Jainkoa ukatzea, F. Nietzesche lekuko, ez baita ahuntzaren eguerdiko eztula: ”Jainkoaren bila nabil… Geuk hil dugu… […] Zer egin dugu lur hau eguzkiaren ingurutik askarazteko? Nora doa orain? Nora goaz gu, eguzki guztietatik aldenduta? […] Ez al goaz noraezean ezerez amaigabe batean zehar bezala? […] Ez al da guretzat handiegia uko egin dugunaren handitasuna?”. Azken batean jokoan dagoena bizitzaren zentzua baita: “Jainkoarengan sinestea bizitzaren zentzua konprenitzea da” (L. Wittgenstein).
Jainkoaren irudi eskas edo sinesgarri ez den batengatik Jainkoari uko egitea haurra bainuontziko urarekin batera botatzea bezalakoa da eta hori ez zait zentzuzkoa iruditzen; Jainko krudel baten existentzia arrazoiz ukatzeak ez baitigu Jainkoaren misterioa argitzen: “Bere existentzia frogarazi behar duen Jainkoa, azken batean, Jainko eskasa da, eta bere existentzia frogatzeak gehien lor dezakeena biraoa da” (F. Nietzsche); ezta gizakiarena: “Gizakia infinitutasunari lotuta dago, baina inoiz ez da bere baitan infinitua” (G.W.F. Hegel[5]); ezta bizitzarena: “Jainkoarengan sinestea bizitzaren zentzua konprenitzea da”; ezta munduarena ere: “Zergatik izakia eta ez izakirik eza?” (L. Wittgenstein[6])
Izan ere, Jainkoa(ren misterioa) ukatzen dugunean, gizakiarena ere ukatu egiten dugu: “Nire espirituaren leizea oihuka dabilkio Jainkoaren leizeari. Biotatik zein ote sakonena?” (Silesius) eta misterioa ukatzea izugarrizko galera zaigu: “Soilik misterioz beteko izaki bat da, luzarora, maitatzeko duina. Ezin da zerbait misteriorik gabe maitatu; gauza hori, gehienez ere, gauza bat izango litzateke, baina ez begirunez begiratuko geniokeen pertsona bat” (Bathasar U. von).
Jainkoari uko egin diezaiokegu, noski, baina egitekotan, egin dezagun kontu handiz: “Erlijioa, misterioaren atarirantz begira bizitzea da. Galderak egiten hastea izango litzateke eta galdera horiei erantzun baten funtsa aurkitu nahi izatea” (X. Lete).
[1]METZ, J.B. (arg.), El clamor de la tierra, EVD, Estella (Navarra), 1996, p. 13: “(Kristautasuna) Soteriologikoki kodifikatu zen eta ondorio penagarriak izan zituen. Kristautasuna (jatorrizkoa) sufrimenduarekin sentibera bazen ere, laster bihurtu zen bekatuarekiko sentibera. Oinarrizko arreta ez zitzaion kreaturaren sufrimenduari eskaintzen, erruari baizik. Kristau predikua erruduntasun sentimenduen eta bekatuak eragindako estutasun eta nahigabearen heuristika bihurtu zen. Horrek justuen (gizakien) sufrimenduarekiko sentiberatasuna geldiarazi zuen eta Jainkoaren justizia handiaren (horren gose eta egarri direnen) ikuspegi biblikoa ilundu zuen”.
[2] A. Einstein: “Egia erlijiosoen adierazpenenetan ezin da ezer argi adierazi”.
[3] Jon Sobrinok ohartarazten digu Jainkoa aita dela, baita aita hori Jainkoa dela ere.
[4]“Zer harritzen zaitu, ulertzen ez baduzu: Ulertzen baduzu ez da Jainkoa. Izan bedi ezjakintasunaren aitortza gupidatsua; zientziaren aitorpen ausarta baino gehiago”
[5]Etty Hillesun: “Bizitza hau inoiz betetzen ez den absolutuaren promesa bat da”.
[6]L. Wittgenstein: “Ez da mistikoa mundua nolakoa den, mundua izatea baizik… Munduko gertaerekin nahikoa ez dela esan nahi du”.
0 Comments