HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Uztailak 13
Aldi hartan, lege-maisu batek jaiki eta azpikeriaz galdetu zion Jesusi: «Maisu, zer egin behar dut ondaretzat betiko bizia jasotzeko?». Jesusek esan zion: «Zer dago idatzia Moisesen legean? Zer irakurtzen duzu?». Hark erantzun: «Maita ezazu Jauna zeure Jainkoa bihotz-bihotzez, gogo osoz, indar guztiz eta adimen guztiz; eta lagun hurkoa zeure burua bezala». Jesusek erantzun zion: «Ederki erantzun duzu. Bete hori eta bizia izango duzu». Baina, lege-maisuak, galdera bidezkoa zela adierazi nahirik, esan zion Jesusi: «Eta zein da nire lagun hurkoa?». Jesusek, orduan: «Behin batean, gizon bat zihoan Jerusalemdik behera Jerikorantz, eta lapurren eskuetan erori zen. Lapurrek zeuzkanak kendu eta, egurtu ondoren, alde egin zuten, erdi hilik utziz. Hain zuzen, apaiz bat gertatu zen bide hartan behera eta, gizona ikusi zuenean, bidetik baztertu eta aurrera jo zuen. Beste horrenbeste egin zuen handik igaro zen tenpluko lebitar batek ere: ikustean, bidetik baztertu eta aurrera jo zuen. Baina bidaian zen samariar bat bertara iritsi eta, hura ikustean, errukitu egin zitzaion. Hurbildu eta zauriak lotu zizkion, olioz eta ardoz igurtzi ondoren; gero, bere asto gainean jarri, ostatura eraman eta bere ardurapean hartu zuen. Biharamunean, zilarrezko bi txanpon atera eta ostalariari eman zizkion, esanez: “Zaindu ezazu eta, gehiago gastatzen baduzu, hurrena natorrenean ordainduko dizut”. Zure ustez, hirurotan zeinek jokatu zuen lagun hurko bezala lapurren eskuetan eroritako gizonarekin?». Lege-maisuak erantzun zion: «Hartaz errukitu zenak». Jesusek esan zion, orduan: «Zoaz eta egin zeuk ere beste horrenbeste».
Lukas 10, 25-37.

Lege-maisuak egindako galderaren erantzuna berak ere bazekien nondik joan zitekeen. Jesusek, hori bat-batean sumatuta, erantzun zuzena eman beharrean hiru galdera jaurtitzen dizkio. Lege-aztertzaileak ongi erantzuten du: maitasuna da oroz gaineko zeregina. Bete-betean egikaritu beharrekoa. Jarraian dio Jainkoarekiko maitasuna beste gizaki guztiei ere eskaini behar zaiela. Onartu egiten zaio emandako ikusmolde eta sentsibilitatea. Eta aukera hartzen da azpimarratzeko balio ebanjelikoen ADNa maitasuna dela.
Ondoren lege-maisuak, galdekatua galdegile bihurturik, itauna egitera ausartzen da: ea lagun hurkoa nor den. Nolabait zehaztu nahi du zein ezaugarri dituen lagun hurkoak eta multzoren batekoa ote den. Kontatzen zaion parabola ezustekoa da, bai berarentzat bai irakurle askorentzat: espero ez zen bat aritu da maitasun leialean. Kontaerak duen bihurgune horren bidez irudikatzen da norberaren osagai garrantzitsuena maitasun maila dela.
Hara, azkenik, guri zuzendutakoa: “zoaz eta egin zeuk beste horrenbeste”. Zer dela eta? Ba, jabetu gaitezen lebitarrak eta apaizak bezala albora egitea erraz-bide suertatzen zaigula.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments