HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Uztailak 12
Aldi hartan, Jesusek esan zien apostoluei: «Ikaslea ez da irakaslea baino gehiago, ezta morroia ere nagusia baino gehiago. Nahikoa du ikasleak irakaslea adina izatea, eta morroiak nagusia adina. Etxeko jaunari Beeltzebul deitu badiote, zer ez ote diete deituko haren etxekoei? Ez izan jendearen beldur! Izan ere, ez dago ezer gordea agertuko ez denik, ezta ezer ezkutuan ere jakingo ez denik. Gaueko ilunpean esaten dizuedana esan zuek egun-argitan, eta belarrira entzuten duzuena hots egin etxe-gainetik. Ez izan beldurrik gorputza hil bai, baina bizia kendu ezin dutenei; izan beldur, gorputza ez ezik, pertsona osoa ere infernuan gal dezakeenari. Ez al dira bi txori txanpon batean saltzen? Hala ere, ez da bat bakarra ere lurrera erortzen zuen Aitaren baimenik gabe. Zuen buruko ileak ere zenbatuak ditu Jainkoak. Ez, bada, beldur izan; txori guztiek baino gehiago balio duzue zuek. Jendearen aurrean aitortzen nauena aitortuko dut Nik ere zeruko neure Aitaren aurrean; baina jendearen aurrean ukatzen nauena ukatu egingo dut Nik ere zeruko neure Aitaren aurrean».
Mateo 10, 24-33.

Sendo edo astiro, gainera etorriko zaizkien zailtasunei beldurrik ez izatea eskatzen zaie ikasleei. Beldurrak atzera egitera bultzatzen baititu. Nahiz beldur arina izan, badu eraginik. Zer esanik ez ziurtasun gabezian jausiz gero. Jesusek argi uzten die harago jo beharko dutela utzi zizkien balioak praktikan jartzean. Testuan hiru bider eskatzen die ez makurtzeko izuaren mende, nahiz batzuetan irudi aurkariei ongi ateratzen zaien oztopagarri izatea. Gainera, zenbait ekinbidetan etsipenak porrotera eraman ditzake. Nola saihestu indarge geratzea? Egoerari aurrez aurre begiratuz?
Oharturik gaude: Ebanjelioarekiko leialtasunean giro estuak biziko ditugu. Baita jazarpen zuzenak. Bi mila urtetan horrela suertatu da, eta ez kopuru txikian. Hortaz, garrantzitsu zaigu argi izatea zailtasunei nola/noiz egin aurre. Jesusek ausardiari heldu eta ziur jardutea aholkatzen du.
Bere hitzak nahiko erraz onartu daitezke. Baita bere gidaritza. Eta zailtasunari aurre egiteko eskaintzen dizkigun promesak ere bai? Gugan ereindako Izpirituak kementsu egingo gaitu. Sentipen horretara hurbildu behar gara noizean behin.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments