HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 6

Aldi hartan, Jaunak beste hirurogeita hamabi ikasle izendatu eta bere aurretik bidali zituen binaka, bera joatekoa zen herri eta leku guztietara. Eta esan zien: «Uzta ugaria da, baina langileak gutxi. Egin, beraz, otoitz uzta-jabeari bidal ditzala langileak bere uztara.

Zoazte! Arkumeak otso artera bezala bidaltzen zaituztet. Ez eraman poltsarik, ez zakutorik, ez oinetakorik, eta ez gelditu bidean inori agur egiten. Edozein etxetan sartzen zaretela, esazue lehenbizi: “Bakea etxe honetakoei!”. Eta han bakezalerik bada, haren gainean kokatuko da zuen bakea; bestela, berriz, zuen bakerik gabe geldituko dira. Geldi zaitezte etxe berean; eta jan eta edan daukatenetik, zor baitzaio langileari bere saria. Ez ibili etxez etxe. Herriren batean sartu eta ondo hartzen bazaituztete, jan jartzen dizuetenetik, sendatu bertako gaixoak eta esaiezue: “Hurbil duzue Jainkoaren erreinua”. Baina herriren batean sartu eta onartzen ez bazaituztete, irten plazara eta esan: “Oinetan itsatsi zaigun zuen herriko hautsa ere hor astintzen dizuegu. Dena dela, jakizue hurbil dela Jainkoaren erreinua”. Begira: auzi-egunean Sodomak zigor bigunagoa izango du, herri horrek baino». Hirurogeita hamabi ikasleak pozez beterik itzuli ziren, eta esan zioten Jesusi: «Jauna, deabruak ere menpean jartzen zaizkigu zure izenean». Jesusek erantzun zien: «Tximista bezala zerutik erortzen ikusi dut Satanas. Begira, sugeak eta eskorpioiak zapaltzeko eta etsaiaren indar guztiak menderatzeko ahalmena eman dizuet, eta ezin izango dizue ezerk ere kalterik egin. Hala ere, ez poztu espirituak menpean jartzen zaizkizuelako; poztu, bai, zuen izenak zeruan idatzirik daudelako».

Lukas 10, 1-12. 17-20.

Jesusek bazekien zeregin arriskutsura bidaltzen gaituela, arkumeak otso artera bezala. Arma bakarra daukagu, gainera: bakez maitatzea, alegia, gizakiak menderatzen dituzten indar gaiztoei aurre egin eta jendea bere esklabotasunetatik askatzea. Eta hori guztia denek jakin dezaten Jainkoa gure alde dagoela eta aurrerantzean mundua desberdina izan daitekeela —eta gu ere, jakina, desberdinak izan gaitezkeela—: “Hurbil duzue Jainkoaren Erreinua”.

Nori eman behar zaio, ordea, mezu hori? Entzun nahi duenari, edozein delarik ere. Ez da kalkulatu behar noren eragina izan daitekeen handiagoa —nork duen botererik handiena…—, salbatua izateko beharrik handiena nork duen baizik. Eta entzun nahi ez duena? Bada, errespetatu, nahiz eta horrelakoak Jainkoaren proiektuaren kontra ari direla jakin.

Eskerrak, Jauna, zure mezua gure eskuetan utzita erakusten diguzun konfiantzagatik. Lagundu mezu hori gure bizitzez iragartzen eta hedatzen, beti ere arrakastaren meritua zurea dela dakigularik.

Bittor Uraga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.