HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Uztailak 2
Aldi hartan, Jesus beste itsasertzera, gerasatarren lurraldera, iritsi zenean, bi deabrudun irten zitzaizkion bidera, hilobi artetik aterata. Hain baitziren gaiztoak, ez zen inor ausartzen bide hartatik ibiltzen. Deiadarka esan zioten: «Zer duzu gurekin, Jainkoaren Seme horrek? Garaia baino lehen guri oinaze ematera etorri al zara?». Handik urrutira gabe, txerri-talde handi bat zebilen uxarrean, eta deabruek eskatu zioten Jesusi: «Botatzekotan, bidal gaitzazu txerri-taldera». Jesusek esan zien:
«Zoazte!». Haiek atera eta txerrietan sartu ziren, eta txerri-talde osoa ezpondan behera itsasora amildu zen eta urean ito. Txerrizainek ihes egin zuten eta, hirira joanik, dena kontatu zuten, baita deabrudunei gertatua ere. Orduan, herri osoa atera zen Jesusengana eta, ikusi zutenean, beren lur-mugetatik alde egiteko eskatu zioten.
Mateo 8, 28-34.

Gaur ez da ohikoa deabruak —ezta, jakina, deabrudunak— ikustea, zineman ez bada. Beste garai bateko kontuak iruditzen zaizkigu. Baina, ondo pentsatuz gero, gaur ere badira indar gaiztoak, menderatzen gaituztenak, nahi ez duguna egitera bultzatzen gaituztenak eta azkenean bizi betetik urrundu eta heriotzaren eremuraino arrastaka eramaten gaituztenak. Indar horiek gure gizartearen egituran errotuta egoten dira sarritan, gure bizimoduaren erdigunean, eta gaiztoak direla jakin arren, ez gara ausartzen haiei aurre egitera, gu baino askoz boteretsuagoak baitira.
Horrelakoen aurka egin zuen Jesusek. Eta guri haien aurkako borroka egitea dagokigu, Jesusi jarraitu nahi badiogu. Jakin behar dugu, hori bai, indar gaizto horiekin, normaltzat jotzen ditugun hainbat interes zikin daudela eta, batzuei borroka egitean, besteei ere egiten diegula, ebanjelioko txerrien kasuan gertatu zen bezala. Eta interes zikin horiek dituen gizarteak, agian, bere mugetatik alde egiteko eskatuko digula.
Eskerrak, Jauna, botere gaizo horietatik libra gaitezkeela adierazi eta sentiarazteagatik. Emaguzu adorea guk egin behar dugun borrokan irauteko.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments