‘Dizipulu’ hitza oso esanguratsua da sinodalitateari buruzko sinodoaren azken testuan, bai errepikapenaren maiztasuna (35 aldiz), bai agerpenaren lekuak kontuan izanik.
Hitz horri dagokionez, 13. zenbakia[1] bitxi samarra da. Batetik, paragrafo labur batean ez ohiko errepikapena agertzen baita: bost aldiz. Bestetik, hiru aldiz singularrez eta letra larriz idatzia baita; beste bietan, berriz, letra xehez eta pluralez (ohikoa dena testu guztian zehar). Badago beste ñabardura bitxi bat: bi aldiz errepikatzen da ‘Dizipulu Maitatua’ esapidea, hitz biak letra larriz.
Jatorrizko testua italieraz dago eta horrela agertzen da. Agidanez, itzulpenetan eutsi egin diote idazkera bitxi horri.
Kontua da Bibliako testuan ‘Dizipulu Maitatua’ ez dela letra larriz idazten, ezta gramatika-arauei kasu egiten badiegu ere.
Akats gramatikala? Baliteke baina akats tematia izango litzateke.
Akats gramatikala ez bada, idazkera hori intentzioduna izango da; baina, zer intentzio? Hots, zer mezu gaztigatzen digu ez ohiko idazkera horrek?
Badakigu lau urteko sinodoaren ibilbidea oso gorabeheratsua izan dela eta askok uste zuten ez zigula mezu argi bat utziko. Ziur aski, azken testua oso pentsatua izan da; estiloari dagokionez, irakur erreza da, atsegina esango nuke –behinik behin, Elizaren ohiko testuekin alderatuta–. Baten batek esango du testu soil samarra dela. Baina, tartean, ematen du zenbait harribitxi dituela. Baliteke ‘akats tipografiko’ hori harribitxi horietako bat izatea. Beharbada, testu soila patxadaz eta sakontasunez irakurri beharko dugu, zeren eta bailiteke irakurketa bat baino gehiago izatea!
[1] Testu hori maiatzeko nire gogoetan (Berpizkundea eta sinodalitatea) aurkituko duzu euskaraz jarrita.
0 Comments