Gure herrietan garia ereiten zen garaian, behin maiatzeraz gero, galsoroak galburututa egoten ziren eta garia ondo heltzea zen beharrezkoa ogia jateko. Horretarako eguraldi onak eta eguzkitsuak behar ziren, baina naturaren fenomeno atmosferikoak ez dira beti onak eta batzuk gainera kontrolatu ezinak. Hor dauzkagu, esaterako, maiatzeko ekaitzak. Zer egin ezintasunaren aurrean? Historikoki, antxinatetik ezagutu dugu konjuruak egiteko ohitura naturaren indar kontrolaezinak kalterik ez egiteko. Konjuru tokiak lur goietan kokatzen ziren, “eskonjuradero” txikiak eraikiz, esaterako Huescako Pirinioetan. Gero, Eleiza Katolikoa, ekaitzak desegiteko bedeinkazioak eta errogatibak egitera etorri zen eleiza ingurutik prozesioak eginez. Adinekoon gogaldian, uztak bedeinkatzeko ohitura ere ezagutu dugu. Maiatz inguruan, abadeak isopuaz bedeinkatzen zituen galsoroak ekaitzetik libratzeko eta horren ordez baserritarrek oilanda pare bat, limosna edo beste zeozer oparitzen zioten. Konjuru edo bedeinkazio ohitura hau zertarako? Ba, besterik ezean sinismeneko esperantzarekin kontsolatu eta uzta onari itxaroteko, kasu honetan gari ondo helduari, urtean zehar ogia jan ahal izateko. Ekaitzen zorrera kontua, mitologian ere sartu izan da, deabrua edo eta parte txarrekoak bitarteko. Gaur egun metereologoek asmatu arren, ez gara kalteetatik libratzen. Beraz, zelan ez izan beldur, besteak beste, maiatzeko ekaitz hondatzaileen aurrean. Binke!
0 Comments