HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Maiatzak 10
Aldi hartan, Jesusen ikasleetako askok esan zuen: «Gogorra da hizkera hau. Nork adi dezake?». Jesusek, bere baitan oharturik ikasleak marmarka ari zirela, esan zien: «Onartezina iruditzen al zaizue hori? Eta Gizonaren Semea lehen zegoen tokira igotzen ikusiko bazenute, orduan zer? Espiritua da bizia ematen duena; gizakiak ezin du berez ezer eman. Nik esan dizkizuedan hitzak espiritu eta bizi dira. Baina badira zuen artean sinesten ez duten batzuk». Izan ere, Jesusek hasieratik zekien nork ez zuen sinesten eta nork salduko zuen. Eta esan zuen gainera: «Horregatik esan dizuet ezin dela inor ere nigana etorri, Aitak ez badio horretarako gaitasuna ematen». Geroztik, haren ikasleetariko askok atzera egin zuen, eta aurrerantzean ez zen harekin ibili. Orduan, esan zien Jesusek Hamabiei: «Zuek ere alde egin nahi al duzue?». Erantzun zion Simon Pedrok: «Jauna, norengana joango gara? Zure hitzek betiko bizia dute. Eta guk sinetsi dugu eta badakigu Zu zarela Jainkoaren Santua».
Joan 6, 60-69.

Zenbait ikasle Jesusekin egon ziren, entzun zuten, zeinu askatzaileak egiten ikusi zuten eta, hala ere, jarraitzeari utzi zioten, abandonatu egin zuten. Jesusek ez zuen berarekin gurutzatzen zen mundu guztia bihurtzen, azken finean, askatasuna eta erantzukizun pertsonala ezinbestekoak dira Jesusen ikasle izateko.
“Geroztik, haren ikasleetariko askok atzera egin zuen, eta aurrerantzean ez zen harekin ibili”
Gaur Jesusek galdetzen digu eta galdetzen dit: «Zuek ere alde egin nahi al duzue?». Zuk ere alde egin nahi duzu, zuk ere niri jarraitzeari utzi nahi diozu? Galdera zuzena da, gure bihotzaren sakonenera jotzen duena, errespetu osoz, Jesusek giza askatasuna maite duelako. Eta erantzutera deituta gaude, ezin diogu ihes egin gure bizitzako galdera garrantzitsuenari.
«Jauna, norengana joango gara? Zure hitzek betiko bizia dute». Jesusen ikasle eta jarraitzaile izan nahi dugu eta izatea erabaki dugu, bere Presentzian Bizitza eta Argia aurkitu dugulako, munduko beste inon aurkitzen ez dugun Bizitza eta Argia. Bizitza eta Argi hori Maitasun Amaigabea da, errotik eraldatzen eta berpizten gaituena.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments