
Lau urteko ibilbidearen eta lan (gorabeheratsu) ugariren ondoren (amaiera eta abiapuntua aldi berean), sinodalitateari buruzko sinodoaren testua argitaratu berri da. Ziur aski, testu horrek interpretazio bat baino gehiago izan dezake, lekuaren, egoeraren eta interesen arabera.
Hori horrela, nik neure ikuspuntu mugatua (eta, jakina, interesatua) eskainiko dut, gogoeta honetan eta beste zenbaitetan.
Gauza askok deitu didate atentzioa, besteak beste, hurrengo testuak:
Pazko goizean hiru ikasle aurkitu ditugu: Maria Magdalena, Simon Pedro eta Jesusek maite zuen Dizipulua. Bakoitzak bere erara bilatzen zuen Jauna; bakoitzak bere zeregina du itxaropenaren egunsentian. Maitasunak bultzatua, Maria dugu hilobira bertaratu zen lehena. Mariak ohartarazita, Pedro eta Dizipulu Maitatua hilobirantz abiatu ziren; Dizipulu Maitatua gaztetasunaren indarrez zihoan lasterka, lehenik intuitu zuenaren begiradaz bilatzen zuen, baina jakin zuen gidari izateko mandatua jaso zuenari bidea uzten; Pedro, Jauna ukatu izanak estuturik, errukiaren hitzorduari itxaroten geratu zen; hain zuzen ere, geroago erruki horren ministroa izango zen Elizan. Maria baratzean geratu zen eta bere izenez deitzen ziotela entzun zuenean, Jauna ezagutu zuen. Jesusek berak bere berpizkundearen berri ematera Maria bidali zuen dizipuluen komunitatera. Horregatik, Elizak Apostoluen Apostolutzat hartzen du. Elkarrekiko mendekotasunak gorpuzten du sinodalitatearen bihotza (13. zk).
Eliza existitzen da, munduari historiaren gertaera erabakigarriaren testigantza emateko: Jesusen berpizkundea (14. zk).
Pazko ospatu berriaren harira, gogoeta honetan, ohar bat baino ez dut egingo[1]. Elizaren abiapuntua berpizkundearen gertaeran errotzen da eta abiapuntu horren lehenengo lekukoa emakume bat da: Elizaren Magisteritza arrunteko testu batek azpimarratua (uste dut lehendabiziko aldiz). Besteak beste, Magdalako Mariari esker, hemen gaude Jesukristo (Jesus Kristoa dela) sinesten. Horra hor pazkoaren bizipoza eta Eliza zergatik eta zertarako existitzen den azaltzen duena.
[1] Aipatutako testu horretara itzuliko naiz hurrengo gogoetetan.
0 Comments