
Nikodemo gauez joan zen Jesus ikustera.
Beldurrez? Lotsaz? Batek daki!
Kontua hori da, gauez joan zela,
beste inork ikusten ez zaituenean,
zuk ikusten duzuna ere oso erreala ez dirudienean,
ametsetan ari bazina bezala, alegia.
Gu sarritan joaten garen moduan joan zen,
egia esan, beldur apur bat ere ematen baitu, eman:
harengana hurbildu eta bat-batean
berriro jaio behar duzula esan dizu,
zerotik hasi behar duzula…
Tira, kontua erradikal samarra da, ezta?
Eta zu saiatu egiten zara: “tira, berriro jaio…
erlatiboki berriro izango da, ezta?”
eta gauzak segurtasunez egiten saiatzen zara,
amaren sabelera itzuliz,
babesa eta konfiantza beti eman dizuten
eta orain ere ematen dizuten gauzak utzi gabe.
Baina berak ezetz,
murgildu egin behar dela,
uretara bota,
zaharra den guztia garbitu
eta hegaldaka irten, berak nahi duen lekuraino:
“uretik eta Espiritutik jaio”, berak dioen bezala.
Eta, jakina, ez da hain erraza,
zeren Haizea entzun egiten baituzu,
noizean behin, bederen,
baina ahotsa nondik datorren ez dago argi,
Espiritua den ala nor ote den
(azkenean inork ez dizu kentzen
zeure kabuz erabaki beharra)
eta, batek daki nora eramango zaituen!
(begira Nikodemo bera,
Jesus ikustera gauez joan zen
eta gero guztiek seinalatuta amaitu zen,
haren gorpua hartzera joanda,
Jesus hil zutenean).
Zu ote zara?
Zertan datza berriro jaio behar hori?
Nora eraman nahi nauzu?
Eskerrik asko, jauna,
berriro jaiotzeko aukera bakoitzagatik.
Eskerrak animatzen gaituzten ahotsengatik,
bultzatzen gaituzten haizeengatik,
ematen diguzun bizi gero eta beteagoagatik.
Mila esker, ez gaituzu-eta erabiltzen
bestek mugitzen duen txotxongiloaren antzera
edo ezinbestean haizeak inposaturiko bidean
ibili behar duten haize orratzak baikinan;
gure erabakiak geuk hartzen ditugu
eta horretarako elkarri lagundu ahal diogu.
Lagun iezaguzu berriro jaiotzen.
Irakatsi zure ahotsa ezagutzen,
garbitzen eta bizitzen gaituen
zure Hitzean murgiltzen,
Haizearen hegaletan esaneko
zuk nahi duzun lekuraino joaten.
Jesus zure Hitz,
zure mezulari,
zure giza aurpegiaz
gehiago fida gaitezela
gure jakinduriaz baino.
Berriro jaio nahi dugu, Jauna.
0 Comments