Frantzisko Aita Santua eta sinodoaren espiritua

2025 Api 24

Frantzisko Aita Santua hil berria dela-eta, iruditu zait haren azken ahalegin esanguratsuenari, hots, azken sinodoari erreparatzea izan daitekeela eskaini diezaiokegun omenaldirik onenetako bat.

Sinodalitateari buruzko sinodoaren azken testuan, 5. zenbakian, hauxe irakurtzen dugu:

Sinodoaren bide guztia, Elizaren Tradizioan sustraitua, kontzilio-magisteritzaren argitan garatu da. Izan ere, Vatikano II. Kontzilioa munduaren eta Elizaren eremuan ereindako hazia bezalakoa izan da. (…). Izan ere, sinodoaren bidea praktikan jartzen ari da Kontzilioak Elizari buruz irakatsi zuena, hots, Misterioa eta Jainkoaren Herria dela eta, Ebanjelioa entzunez, etengabeko bihotz berritze baten bidez santutasunera deitua dela. Ildo horretatik, Kontzilioaren geroko eta benetako harrera-ekintza da, bere inspirazioa luzatuz eta bere indar profetikoa gaurko mundurako berrabiaraziz.

Frantziskok sinodalitateari buruzko sinodoa egitera deitu zuen eta, neurri batean, dei hori eta hura gauzatzea izan da Aita Santuaren burutu gabeko legatua. Berez, sinodoa bide bat da, Elizaren sustraian oinarritua, Elizan bizitzeko eta haren zeregina betetzeko modu berezia. Nola Juan XXXIII.ak Vatikano II. Kontzilioa ospatzeko deitu eta amaigabe utzi zuen, horrela Frantziskok azken sinodoa egiteko deitu eta amaigabe utzi du, nahiz eta sinodoaren azken testua argitaratua izan.

Kontzilioa hierarkiaren batzarra izan zen; kontzilioaren espirituari jarraituz, deitutako sinodo guztiak gotzainen batzarrak izan dira. Ezaugarri horri erreparatuta, azken sinodoa, berriz, oso bitxia izan da; nahitaez, gotzainen batzarra, baina, lehendabiziko aldiz, Jainkoaren Herri guztia parte hartzera deitua izan da. Prozesua oso gorabeheratsua izan da, Herri guztiaren parte hartzea sekulako erronka izan baita (eta bada). Gutxiengo ilustratu batek oso eskasa eta etsigarria iritzi dio; hainbat eliz gazte eta oso dinamikoren ustez, berriz, eskandalagarria (Tradizioari traizioa egin omen dio) neurri batean; Jainkoaren Herririk gehienaren kasuan, oro har, ustekabean iragana.

Nire ikuspuntuan, Vatikano II. Kontzilioaren osteko gertaerarik esanguratsuena izan da Elizan, baita anbiziorik handieneko desira eta bilaketa ere. Ildo horretatik, goian aipatutako 5. zenbakia programatikoa da. Programa horretan, behinik behin, hiru azpimarra:

  • Vatikano II. Kontzilioaren mezua, oraindik orain, garatu gabe dago (harrera betea egin gabe dago). Sinodo honek pausu esanguratsu bat izan nahi du harrera-bide horretan.
  • Vatikano II. Kontzilioaren inspirazioari heltzeak haren indar profetikoa gaurko munduan berriro martxan jartzea dakar.

Hori guztia egiteko gakoa Elizaren bi titulutan datza: Misterioa eta Jainkoaren Herria. Beharbada, azken azpimarra honek beste azalpen bat eskatzen du.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.