HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Apirilak 20

Asteko lehen egunean, Maria Magdalena hilobira joan zen goizean goiz, artean ilun zegoela, eta harria hilobitik kendua ikusi zuen. Orduan, Simon Pedrogana eta Jesusek maite zuen beste ikasleagana itzuli zen lasterka, eta esan zien: «Eraman egin dute Jauna hilobitik, eta ez dakigu non jarri duten». Atera ziren, orduan, Pedro eta beste ikaslea, eta hilobirantz abiatu ziren. Biak batera abiatu ziren lasterka, baina beste ikaslea Pedro baino arinago zihoan, eta lehenago iritsi zen hilobira. Barrura begiratzeko makurturik, oihal-zerrendak lurrean ikusi zituen, baina ez zen sartu. Iritsi zen haren atzetik Simon Pedro ere eta hilobian sartu zen. Oihal-zerrendak lurrean ikusi zituen, baita Jesusen burua biltzen egoniko zapia ere; hau, ordea, ez zegoen oihal-zerrendekin batera jarria, beste toki batean bildua baizik. Orduan, sartu zen beste ikaslea ere, hilobira lehenengo iritsi zena. Ikusi eta sinetsi egin zuen. Izan ere, ordu arte ez zuten ikasleek ulertu Liburu Santuak dioena, Jesusek hilen artetik piztu behar zuela.

Joan 20, 1-9.

Bart gaueko eliz-festa giroa, suz, urez, pregoiz eta abar luze batez ornitua, egun argiz kanpora begira bareago bihurtu da, baina ez dio horrek pozaren eta kabitu ezinaren tantarik kendu. Berri pozgarri baina sinestezina, Eliza, kristau herria, irensten, sinesten joango balitz bezala.

Ez dago gaurko Ebanjelioan inolako aldarrikapenik, inolako pozezko jauzirik. Bilaketa da nagusitzen zaiguna. Eta bilaketa horren emaitza “ikusi eta sinetsi egin zuen” Pedrok.

Hau guretzat idatzia dago, “bigarren eskuko” fededunontzat. Gu ez gara Jesusekin bizi izan. Gu ez gara bere agerkundeen testigu edo lekuko izan. Beranduago iritsi gara. Guk ez dugu Jesus ikusi. Beraz, nola sinetsi gaur egun Jesus bizi dela? Jesusek maite zuen beste ikasleak bezala: aztarnak begiratuz, Liburu santuak ulertuz. Eta lekukoei, testiguei, sinetsiz.

Elizak guztiok bere pozaren partaide egin nahi gaitu, guk ere Jesus bizi dela sinestea du bere nahia. Baina proselitismorik gabe, engainurik gabe. Bakoitzak bere bidea eginez.

Jesus berpiztuak bere Espirituz biziarazi gaitzala guztiok. Pazko zorion!

Jexus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.