Pazko eguna, kalendario Gregorianoko jairik handienetakoa dugu. Urterik urte, egun aldakorra da ilargiaren arabera. Aiko. Martiko ekinokzioaren jarraian datorren ilargi betea kontutan hartuta, hurrengo igandea da beti Pazko eguna. Egun horretatik aste bete atzerago, Erramu eguna da eta atzeragoko berrogei egunak, Garizuma garaia, Hauts-egunerarte eta bezperan, martitzen-aratuste. Pazko jai egun handi hau aukeratu zuen Eleizeak Pazkoazkoaz betetze-agindurako. Horregatik, garizumako azken aldean gogojardunak edo ejerzizio espiritualak egiteko ohitura egon da, orain gutxiago, hutsegite guztiez damutu eta Pazko-igandean Gure Jauna hartzeko, Eleizearen agindua beteaz. Gogojardunak edo ejerzizio espiritualak egiteko, normalean, herriz kanpoko misiolariak gonbidatzen ziren. Pazko eguneko ohitura polit bat aipatuko dugu. Aitabitxi-amabitxiak euren besoetakoei egiten zieten oparia, mokotsa, morrokotea edo arrautzopila izaten zen. Pazkoa bezperako labesuan, hiru puntako pamitxa bat egiten zen, erdian arrautza bat sartu eta beste errari guztiekin batera labe-ahotik hurbil sartu zein erre. Mokotsari sorots egiten zitzaion eta bere tertzioan labetik atera labe-pareaz. Umetan pozik hartzen genuen Pazko-mokots oparia eta lehenengo erdiko arrautza jaten genuen eta gero ogia. Oparia ez zen handia baina berak ematen zigun poza bai. Konformitatea zer den. Lehen opari gutxirekin pozik, orain opari gehiegirekin ez hainbeste.
0 Comments