HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Apirilak 19
Asteko lehen-egunean, goizean goiz, hilobira joan ziren emakumeak, prestaturik zituzten usain gozoko ukenduak eramanez. Hilobi-sarrerako harria iraulia aurkitu zuten. Sartu ziren, baina ez zuten Jesus Jaunaren gorpua aurkitu. Zer pentsa ez zekitela zeuden; hartan, bi gizaseme agertu zitzaizkien jantzi distiratsuz. Emakumeak ikaraz eta burumakur zeudela, gizaseme haiek esan zieten: «Zer zabiltzate hilen artean, bizi denaren bila? Ez dago hemen; piztu da. Gogora ezazue Galilean zegoela esan zizuena: Gizonaren Semea bekatarien esku utzi behar zutela eta gurutziltzatu, baina hirugarren egunean piztu egin behar zuela». Haiek Jesusen hitzez oroitu ziren. Eta, hilobitik itzulirik, gertaturiko guztien berri eman zieten Hamaikei eta gainerako ikasleei. Maria Magdalena, Joana eta Santiagoren ama Maria ziren emakumeok; eta hauekin ziren beste emakumeek ere gauza bera esaten zieten apostoluei. Baina hauek zorakeriatzat hartu zituzten berriok, eta ez zieten sinetsi. Hala ere, Pedro jaiki eta hilobira joan zen lasterka; makurturik, oihal-zerrendak besterik ez zuen ikusi, eta etxera itzuli zen gertatuaz harriturik.
Lukas 24, 1-12.

Pazko Gaubeilan, Eliza osoa, mozkortu balitz bezala, guztiz asaldaturik, bere barnean gorde ezinezko berri zoragarri bat aldarrikatzen hasten zaigu. Ezin sinestuzko egoeran, bai, eta aldi berean mundu guztia gertakari harrigarriaren jakitun jarri nahian.
Emakumeek ezin sinetziz, zer pentsa ez zekitela; apostolu eta gainerako ikasleek zorakeriak zirelakoan. Gogorregia izan da Ostiral Santuz bizi izandakoa. Itxaropen eta ilusioak lurperatzerainokoa.
Ostiral Santu luze bat bizitzera makurtuak ziruditenak guztiz asaldatuko dituen berriarekin aurkitzen dira. Inork –Jesusek berak ere ez– espero ez zuena Jainko Aitak burutu du. “Zer zabiltzate hilen artean, bizi denaren bila? Ez dago hemen; piztu da”.
“Zuek gurutzean hil zenutena bizi da” aldarrikatuko dute Jesusen jarraitzaileek. Eta beraiekin batean Eliza osoak mendez mende. “Kristo bizi da!” oihukatuko du ozen. Izan ere Bizi den horretxek itxaropenez bete baitu, biziz. Hilen artetik piztu denak piztu gaitu eta bere biziz biziarazi. Aleluia! Pazko zorion guztioi!
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments