HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Apirilak 17
Pazko-jaia gainean zen. Jesusek, mundu hau utzi eta Aitagana joateko ordua iritsi zitzaiola jakinik, munduan ziren beretarrak maite izanik, azkenean bete-betean maitatu zituen. Afaltzen ari ziren. Ordurako deabruak sartua zion buruan Simon Iskarioteren seme Judasi Jesus saltzeko asmoa. Jesus, Aitak dena bere esku jarri ziola, Jainkoagandik etorria zela eta Jainkoagana zihoala jakinik, jaiki zen mahaitik, erantzi zuen soingainekoa eta, eskuzapia harturik, gerrian lotu zuen; gero, ontzi bat urez bete eta ikasleei oinak garbitzen hasi zitzaien, eta gerrian zuen eskuzapiaz lehortzen. Simon Pedrogana iritsi zenean, honek esan zion: «Jauna, Zuk niri oinak garbitu?». Jesusek erantzun zion: «Ni egiten ari naizena zuk ez duzu orain ulertzen; geroago ulertuko duzu». Pedrok berriro: «Zuk ez didazu niri sekula oinik garbituko». Jesusek erantzun: «Garbitzen ez bazaitut, ez duzu nirekin zerikusirik izango». Simon Pedrok esan zion: «Jauna, orduan oinak ez ezik, baita eskuak eta burua ere». Jesusek erantzun zion: «Garbitua hartu duenak ez du oinak baizik garbitu beharrik, erabat garbi baitago; eta zuek garbi zaudete, baina ez denok». Izan ere, bazekien nork salduko zuen; horregatik esan zuen: «Ez zaudete denok garbi». Oinak garbitu zizkienean, soingainekoa jantzi, berriro mahaian eseri eta esan zien: «Ulertzen al duzue egin dizuedana? Zuek Maisua eta Jauna deitzen didazue, eta ongi deitu ere, halaxe naiz eta. Beraz, Nik, Jauna eta Maisua naizen honek, zuei oinak garbitu badizkizuet, zuek ere elkarri oinak garbitu behar dizkiozue. Jarraibide eman dizuet, zuek ere Nik zuekin bezalaxe joka dezazuen».
Joan 13, 1-15.

Harri eta zur, txundituta eta aldi berean inola sinestu ezinik uzteko moduko kontakizuna. Aurreko egunetan ikusten joan garen zurrunbilo gatazkatsuaren erdian, Jesusi bere ordua iritsi zaio. Bere izatea eta bere egitekoa gorenera iritsi dira. Eta zer egingo? “Bete betean maitatu zituen”. Kontakizunak gainera, unearen garrantzia eta berezitasuna, unearen sakratutasuna azpimarratu nahiz, zera esaten digu: “Jesus, Aitak dena bere esku jarri ziola, Jainkoarengandik etorria zela eta Jainkoarengana zihoala jakinik”. Jesusentzat afari horretan guztia kontzentratu da. Bere ikasleei keinu baten bidez Jainko Aitaren maitasuna eta nahia adierazi nahi dizkie, Jesus beraren egiteko guztia jaso eta bete-betean agertuko duen keinua. Eta nola agertu beretarrei hori guztia? Mahaitik jaiki, soingainekoa erantzi, eskuzapi bat eta urez betetako ontzi bat hartu eta ikasleei oinak garbituz.
Jesus ulertzeko, Jainkoaz jakiteko, behin eta berriz aho zabalik uzten gaituen pasarte honi begiratu beharko diogu.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments