HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Apirilak 16
Aldi hartan, Hamabietako batek, Judas Iskariote zeritzanak, apaizburuengana joan eta esan zien: «Zenbat agintzen didazue, Jesus zuei eskura emateagatik?». Haiek zilarrezko hogeita hamar txanpon agindu zioten. Orduz gero, Jesus haiei eskura emateko egokiera bila zebilen Judas. Legamiagabeko Ogien Jaiko lehen-egunean, ikasleek Jesusengana hurbildu eta galdetu zioten: «Non nahi duzu pazko-afarirako prestaketak egitea?». Jesusek erantzun zien: «Zoazte hirira, halakoagana, eta esaiozue: “Maisuak dio hurbil dela beraren ordua, eta zuen etxean ospatu nahi duela Pazkoa ikasleekin”». Jesusek agindu bezala egin zuten ikasleek, eta pazko-afaria prestatu zuten. Ilunabarrean, mahaian zegoen Jesus hamabi ikasleekin eta, afaltzen ari zirela, esan zuen: «Benetan diotsuet: Zuetako batek saldu egingo nau». Ikasleak,oso goibeldurik, galdezka hasi zitzaizkion banaka:
«Nik ote, Jauna?». Hark erantzun: «Nirekin plater beretik jaten ari den batek salduko nau. Gizonaren Semea badoa, Liburu Santuek hartaz dioten bezala; baina dohakabea Gizonaren Semea salduko duena! Hobe zukeen jaio izan ez balitz». Orduan, Judasek, salduko zuenak, galdetu zion: «Ni al naiz, Maisu?». Jesusek erantzun zion: «Zeuk esan duzu».
Mateo 26, 14-25.

Zenbateko indarra duen gure barnean ezkutatzen den amorruak, gorrotoak, ez gara ohartzen ateratzen zaigun arte! Ustegabeko traizioa edo saldukeria izan dela, ezkontza-banaketa izan dela, herentzia baten partiketa izan dela… adiskidetasuna, senidetasuna, maitasuna, guztia apurtu eta inoiz pentsaezinezko sentimenak eta pentsamenduak sortzen zaizkigu, pertsona guztiz irensteko gai diren indarrak.
Eta ezkutuko indar hauen berri dakarkigu Jesusen nekaldiak. Ordura arte lagun mina izan denak, plater beretik jaten duenak… bere lotura guztiak ahaztu, baztertu eta saldu egingo du.
Gaizkiak itsutzeko indarra du. Itsutu gainera orain ikusten dugun unea argi dela sinestaraziz, orain artean itsu egon garela pentsaraziz. Begiak ireki zaizkigulakoan gorrotoak edo eraman ezinak itsuturik aurki gintezke.
Agian gutako bakoitzak bizi du horrelako nekaldiren bat. Ez gaitezela Judas bezala itsutu. Jaunari eska diezaiogun etenik gabe “atera gaitzazu gaitzetik”.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments