HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaApirilak 15
Aldi hartan, ikasleekin mahaian eseria zegoela, larritu egin zitzaion Jesusi barrua, eta argi adierazi zien ikasleei: «Egi-egiaz diotsuet: Zuetako batek salduko nau». Ikasleak elkarri begira jarri ziren, zeinez ari zen asmatu ezinik. Ikasleetako bat, Jesusek hain maite zuena, haren ondo-ondoan zegoen mahaian. Simon Pedrok keinu egin zion, zeinez ari zen galdetzeko adieraziz. Hark, burua Jesusen bular gainean jarriz, galdetu zion: «Zein da, Jauna?». Jesusek erantzun zion: «Ogi-puska busti hau emango diodana, huraxe da». Eta ogi-puska bustiz, Judasi, Simon Iskarioteren semeari, eman zion. Eta ogi-puskarekin batera Satanas sartu zitzaion barrura. Orduan, Jesusek esan zion:
«Egin behar duzuna egizu berehala». Mahaikideetako inork ez zuen ulertu zergatik esan zion hori. Judasek diru-poltsaren ardura zuenez, zenbaitek uste izan zuen jairako behar zena erosteko edota behartsuei zerbait emateko esan ziola. Judas ogi-puska hartu eta berehala atera zen. Gaua zen. Atera zenean, esan zien Jesusek: «Oraintxe agertuko da Gizonaren Semearen aintza, eta haren bidez Jainkoarena. Jainkoaren aintza haren bidez agertzen bada, Jainkoak ere bere aintzaz beteko du hura, eta berehala gainera. Semetxook, oraintxe ez nago luzarorako zuekin. Nire bila ibiliko zarete, baina juduei esan niena bera esaten dizuet zuei ere: “Ni noan tokira, zuek ezin zarete joan”». Simon Pedrok galdetu zion: «Jauna, nora zoaz?». Jesusek erantzun: «Ni noan lekura zuk ezin didazu jarraitu orain niri; geroago bai, jarraituko didazu». Pedrok esan zion: «Zergatik ezin dizut jarraitu orain? Neure bizia emango dut zugatik». Jesusek erantzun zion: «Zeure bizia emango duzula nigatik? Egi-egiaz esaten dizut: Oilarrak jo baino lehen, hiru aldiz ukatuko nauzu».
Joan 13, 21-33. 36-38.
Patxi Loidik bazuen otoitz bat “Barnean badut ateo bat” zioena. Eta guztiok baditugu barnean Jainkoaz guztiz ez fidatzera, guztiz ez ematera bultzatzen gaituztenak. Jesusen nekaldiak hauetako indar asko azaleratzen dizkigu. Jesusen nekaldiak, jazarpenak, torturak, gurutzeko heriotzak… ez daukate ezer erromantikorik. Etorkizun honen aurrean Jesusi jarraitzea ezinezko bihurtzen zaigu. Gure asmorik eta idealismorik altuenak ere (“Neure bizia emango dut zugatik”) oinarririk gabe geratzen zaizkigu. Edota norbaiten aldeko apustua eginez guztia utzi eta gure itxaropenak zapuztu ditzakeela somatzen dugunean bere aurka oldartzeko gai gara, saldukerian eroriz (“Bene-benetan diotsuet: Zuetako batek salduko nau”).
Kosta egiten zaigu aitortzea, baina Jesusen hitzak onartzea baino ez zaigu geratzen: “Bai, Jauna, egia da, ez naiz zuri jarraitzeko gauza. Beste ikasleek bezala utzi egingo zaitut, ukatu egingo zaitut, edo agian saldu. Ez naiz horiek baino hobea. Zuk eramaten ez banauzu, ez naiz gai.”
Azken afarian, Jesusek duen guztia emango duenean, azpitik gatazka eta drama hau bizitzen ari dira ikasleak, eta gu beraiekin. Nekaldia beti gertatuko zaigu eskandalu.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
Oso iruzkin mamitsua, eskerrik asko egileari.