HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaApirilak 14
Pazkoa baino sei egun lehenago, Jesus Betaniara joan zen; han bizi zen Lazaro, Jesusek hilen artetik piztu zuena. Afaria eskaini zioten; Marta zerbitzatzen ari zen, eta Lazaro Jesusekin mahaian zeudenetariko bat zen. Mariak, nardo jatorrezko kilo erdi bat lurrun-usain gozoduna, balio handikoa, harturik, oinak igurtzi zizkion Jesusi, eta bere ile-adatsez xukatu. Etxea lurrin-usainez bete zen. Judas Iskariotek, salduko zuen ikasleak, esan zuen: «Zergatik ez da saldu ukendu hori hirurehun denarioan, eta dirua behartsuei eman?» (Hori esan zuen, ezbehartsuak axola zitzaizkiolako, lapurra zelako baizik, eta, diru-poltsa berak zuenez, hara botatzen zutenetik ostu egiten zuelako.). Jesusek esan zion: «Utziozu bakean; nire hilobiratze-egunerako egin du hori. Izan ere, behartsuak beti dituzue zeuen artean; baina Ni ez nauzue betiko izango». Juduetariko asko, Jesus Betanian zegoela jakinik, hara joan zen, Jesusengatik ez ezik, baita hilen artetik piztu zuen Lazaro ikusteagatik ere. Apaizburuek, orduan, Lazaro ere hiltzea erabaki zuten, hura zela-eta herritar askok haiengandik alde egiten baitzuen eta Jesusengan sinesten.
Joan 12, 1-11.
Garizumako prestaketak beren gorenera iritsi zaizkigu. Jainkoa nor den jakin nahi genuen. Eta jakin badakigu soilik maitasunak ireki diezazkigukeela barrendik ezagutzeko begiak, soilik maitasunak agertzen digulako bestearen egia. Beraz, garizuma, maitasun harreman horretan murgiltzeko bide izan dugu. Eta Aste Santuaren hasiera honetan Jainkoaren maitasun neurrigabe horretan murgilduko gara.
Nardo lurrun usain gozoduna bezala iristen zaigu Jainkoaren maitasuna. Mariak bezala berak ere ez du neurririk, eman egiten zaigu bere izate osoan, ezer gorde gabe, kalkulurik atera gabe, efizientzia eta objetibotasunetik urrun. Jainkoak maitatzen daki, soilik maitatzen. Eta maitatzen neurririk gabe, kosta ala kosta. Eta galanki –bere Seme maitearen heriotza kostako zaion arren– ez du atzera egingo. Pazko aldiko eliz-kanta batek dioen bezala, bere maitasuna “zinez garesti” kosta zaio.
Pasarte honetan Jainkoaren maitasuna neurririk gabekoa dela erakusten digu Mariak. Ezer gorde gabe gugatik guztia eman duena. Jaunak eraman gaitzala berekin batean bizitzera Aste Santu hau.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments