HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaApirilak 11
Aldi hartan, juduek berriro harriak hartu zituzten Jesusi harrika egiteko. Jesusek esan zien: «Egintza onik asko egin dut zuen aurrean Aitaren izenean; horietako zeinengatik egin nahi didazue harrika?». Erantzun zioten: «Ez zaitugu egintza onak egiteagatik harrikatu nahi, birao egiteagatik baizik; gizaki izanik, zeure burua Jainko egiten duzulako». Jesusek erantzun zien: «Ez al dago idatzirik zuen Liburu Santuan: “Nik esan dut: jainko zarete”? Beraz, Jainkoak “jainko” esaten die bere hitza zuzendu zienei, eta Liburu Santuak esana ukaezina da. Nolatan diozue, bada, Nik, Aitak sagaratu eta mundura bidali nauen honek, birao egiten dudala, Jainkoaren Seme naizela esateagatik? Nire Aitaren egintzak egiten ez baditut, ez sinetsi niri; baina egiten baldin baditut, niri sinesten ez badidazue ere, sinetsi egintzei. Horrela, behin betiko jakingo duzue Aita nigan dagoela eta Ni Aitagan». Berriz ere atxilotu egin nahi izan zuten, baina ihes egin zien eskuetatik. Berriro Jordanez beste aldera joan zen Jesus, garai batean Joan bataiatzen ari izan zen lekura. Han gelditu zen aldi batez, eta jende asko joaten zitzaion. Hau zioten: «Joanek ez zuen ezaugarririk batere egin, baina hark honetaz esan zuen guztia egia zen». Eta han askok sinetsi zuen Jesusengan.
Joan 10, 31-42.
“… berriro (irakur Jn 8,59) harriak hartu zituzten Jesusi harrika egiteko”; zergatik ordea? Ez nonbait bere egintzengatik, ‘gizaki izanik’, bere ‘burua Jainko egiten’ duelako baizik. Baina Jesuk gogorarazi egiten die, Liburu Santuan bertan Jainkoak berak aitortzen diela bere hitza zuzendu zien gizakiei jainko izaera: “Ez al dago idatzirik zuen Liburu Santuan: “Nik esan dut: jainko zarete”? Eta harrigarrikiro gaineratzen du: “baina (Jainkoaren egintzak) egiten baldin baditut, niri sinesten ez badidazue ere, sinetsi egintzei”. Hona zer testuingurutan ageri zaigun jainko izaera gizakiei aitortzea, hona jainkotar-egintzak:
“…
«Noiz arte eman behar dituzue bidegabeko epaiak,
errudunen alde jarriz?
Defendatu gizagaixo eta umezurtzak,
egin justizia dohakabe eta behartsuei!
Askatu gizagaixo eta behartsuak,
libratu gaizkileen eskutik!»
Baina haiei ez zaie buruan sartzen,
ez dute ulertu nahi, ilunpetan dabiltza,
eta lurraren oinarriak koloka dira.
Hona nik esan:
«Denok jainko, Goi-goikoaren seme zareten arren,
gizaki bezala hilko zarete,
edozein handiki bezala eroriko».
Altxa, Jainkoa, eta goberna mundua,
zu baitzara herri guztien jabe!” (Sal 82)
Nik ere harrika egiten al dizut Jauna? Nik ere zuri atxilo eman nahian al nabil? Horra ezaugarriak.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments