HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Apirilak 8
Aldi hartan, Jesusek esan zien fariseuei: «Ni banoa, eta nire bila ibiliko zarete; baina zeuen bekatuan hilko zarete. Ni noan tokira zuek ezin zarete joan». Orduan, entzuleek esan zuten: «Bere burua hil behar ote du? Horregatik esan ote du “Ni noan tokira zuek ezin zarete joan”?». Jesusek jarraitu zuen: «Zuek behekoak zarete, Ni goikoa naiz; zuek mundu honetakoak zarete, Ni ez naiz mundu honetakoa. Horregatik esan dizuet, zeuen bekatuetan hilko zaretela; zeren, “Ni naizela” sinesten ez baduzue, zeuen bekatuetan hilko baitzarete». Orduan, esan zioten: «Nor zara Zu?». Jesusek erantzun: «Hasieratik ari natzaizue esaten. Badut zuetaz zer esanik eta zer gaitzetsirik asko. Bidali nauena fidagarria da; eta Nik, hari entzun diodana, horixe bera esaten diot munduari». Haiek ez ziren jabetu Aitaz mintzo zitzaiela. Jesusek, beraz, esan zien: «Gizonaren Semea jasoko duzuenean, orduan jakingo duzue Ni naizela, eta ez dudala neurez ezer egiten; baizik eta Aitak erakutsi didana bakarrik esaten dudala. Ni bidali nauena nirekin dago; ez nau bakarrik utzi, hark atsegin duena egiten baitut beti». Jesusek gauza hauek esan zituenean, askok sinetsi zuen harengan.
Joan 8, 21-30.

‘Bekatu’ hitzaren esanahia, ulertzen al da gaur eta hemen? Eta Nazareteko Jesuren ezpainetan nola ulertu? Gaur egun egokia al da, itsatsita dituen herdoil- eta zikin-geruza guztiak edukita? Interpelatu egiten al du mendebaldeko gizakia, pertsona, ni? Baiezkoan, zer zentzutan? Zer sorrarazten du pertsonaren, nire baitan? Zertara eta nora darama pertsona, narama?
Egokiak al dira egun, eta areago Jesuren ahotan, ‘goiko’ eta ‘beheko’ kategoria dualistak, ia manikeistak, protognostikoak bezalakoak? ‘Mundu honetakoa’ eta ‘mundu honetakoa ez’ dena? Nora garamatzakete? Nora eraman gaituzte sarriegi historikoki?
Egokiak al dira, ondo islatzen al dute Jesuren espiritua eta Jesuren Abbaren Erreinuaren ezaugarria ‘ … ez baduzue, zeuen bekatuetan hilko baitzarete’ mehatxuzko hitz temati horiek?
‘Ez gaitzetsi inor’-ean bizi denak (Mt 7,1; Lk 6, 37; Jn 8,10 ), nondik halako batean zer gaitzetsirik hainbeste, ‘… zer gaitzetsirik asko’ ?
Horra tentazioa, gizakoikeriaren jaugina eta grina gizakoiegia, ez dario Maitasunaren lurrunaren goxoa, ez du Sakratuaren melodia abesten:“Orduan, irakasten hasi zitzaien, Gizonaren Semeak asko sufritu behar zuela; zahar, apaizburu eta lege-maisuek gaitzetsi egingo zutela eta hil” (Mk 8,31)
‘Nire bila ibiliko zarete’; bere bila al nabil?, zeren bila ordea?
Oharra: badirudi Jerusalemgo tenpluaren suntsipena (K.o. 70ean) errromaterrek gauzatu ondoren hartu zutela garrantzia, nagusigoa fariseuek judaismoaren baitan, Nazareteko Jesuren hilketa burutu eta 40 bat urtera.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments