HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Apirilak 5
Aldi hartan, jende arteko batzuek, Jesusen hitzak entzutean, hau zioten: «Hauxe da egiaz etortzekoa den profeta». Beste batzuek esaten zuten: «Hauxe da Mesias». Beste batzuek, berriz: «Galileatik etor ote daiteke Mesias? Ez al dio Liburu Santuak Mesias Daviden jatorrikoa izango dela eta haren herritik, Betleemdik, etorriko dela?». Iritzi kontrajarriak zeuden, bada, jendearen artean Jesusi buruz. Batzuek atxilotu egin nahi zuten; baina ez zion inork eskurik gainean jarri. Guardiak apaizburu eta fariseuengana itzuli ziren, eta hauek galdetu zieten: «Zergatik ez duzue ekarri?». Guardiek erantzun zieten: «Ez du sekula inork gizon horrek bezala hitz egin». Fariseuek erantzun zieten: «Zer? Zuek ere liluratu al zaituzte? Sinetsi ote du harengan agintari edo fariseuetako batek ere? Baina legea ezagutzen ez duen jende hori madarikatua dago». Orduan, Nikodemok, fariseu haietako batek, behinola Jesusengana joan zenak, esan zien: «Zilegi al da gure legearen arabera inor gaitzestea, berari entzun eta zer egin duen jakin gabe?». Besteek erantzun zioten: «Galilearra al zara zu ere? Aztertu Liburu Santuak eta ikusiko duzu Galilean ez dela inoiz profetarik sortu». Ondoren, nor bere etxera joan zen.
Joan 7, 40-53.

Batzuek atxilotu nahi eta ezin; hori bai, epaitu dute bera entzun gabe, zer egin duen jakin gabe.
Aurreiritziez jositako epaiak dira garaiko farisearrak egiten dituztenak: galilearra da, han ez da inoiz profetarik sortu, legea ez duen ezagutzen jendea madarikatua dago.
Honen aurrean ezin ukatu galderak sortu zaizkidala: nolakoak dira nire epaiak? Nolakoak nire aurreiritziak? Zergatik bestea epaitzeko garaian ez dugu begirunerik izaten? Zergatik, nahiz eta egoera guztiz ez ezagutu, epaitzen jarraitzen dugu?
Eta ondoren, farisearrak bezala, nor bere etxera joaten gara, lasaitasun osoz…
Kontua da gure epaitze moduan ez dela erruki askorik azaltzen, bai ordea gure aurreiritzien katalogoa.
Epaitzen dugun bezala izango gara gu ere epaituak, dio Jaunak; ikasi dezagun guk ere, Jesusen antzera, epaitzea ez dela bidea, bai ordea erruki izatea, lagun hurkoa maitatzea eta barkamena eta bakea sustatzea.
Jesus hil nahi dutela eta epaitu egiten dute, baina hil baino bizia zabaldu nahi baduzu, epaiketa ez da bidea. Errukia da Jaunaren justizia, izan dadila baita ere zurea.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments