HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Martxoak 29
Aldi hartan, parabola hau esan zien Jesusek beren burua zintzotzat hartzen eta besteak gutxiesten zituzten batzuei: «Bi gizon igo ziren tenplura otoitz egitera, bata fariseua eta bestea zergalaria. Fariseuak, zutik, honela egiten zuen otoitz bere barruan: “Eskerrak ematen dizkizut, ene Jainko, besteak bezalakoa ez naizelako: lapur, gaizkile, adulteriogile; ezta horrako zergalari hori bezalakoa ere. Astean bitan egiten dut barau, eta ditudan guztien hamarrenak ematen ditut”. Zergalaria, berriz, urruti gelditurik, ez zen begiak zerura jasotzera ere ausartzen, baizik eta bular joka ari zen, esanez: “Ene Jainko, erruki zakizkio bekatari honi!”. Hara zer diotsuedan: azkeneko hau Jainkoarekin adiskideturik itzuli zen etxera; bestea, berriz, ez. Izan ere, bere burua goratzen duena beheratu egingo du Jainkoak, eta bere burua beheratzen duena goratu».
Lukas 18, 9-14.

Fariseua, zutik, bere buruari begira dago. Haren erdigunea bere burua da, eta haren arabera epaitzen du dena: besteak ni baino okerragoak dira, besteek ez dituzte nik egiten ditudan gauza onak egiten, ni, ni, ni… Jainkoa diskurtso nartzisistari hasiera emateko aitzakia besterik ez da. Zergalariaren kasuan, berriz, lurrerantz begira Jainkoa dago. Haren errukia ikusirik bere akatsak ikusten ditu, Jainkoa horren ona izanik Haren maitasunaren argitan bere bekatuak nabarmentzen ditu, eta horregatik barkamena eskatzen du, ez baitu bere burua horrenbesteko eskuzabaltasunari behar bezala erantzuteko gai ikusten. Jainkoak apaltasun hori du gogoko, apaltasun hori erruki deia baita, eta Jainkoa beti dago dei horri erantzuteko gogotsu.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments