Borondate hutsa (borondatekeria) Mk 14, 26-31

2025 Mar 27

Dagoeneko, garizuma aldian bete betean murgildurik, hemen doa ibilbide nahasiei buruzko bigarren gogoeta.

Nork bere mugak ezagutzea ez da batere erraza. Are zailagoa nork bere mugak onartzea eta muga horiekin adiskidetzea.

Inolako zalantzarik gabe, borondatea oso inportantea da gizabanakoaren ibilbidean, baina borondatea nekez da gai bizitzaren mugak onartzeko, sarri askotan, mugaz harago hegan egin nahi baitu: gizakiaren handitasuna eta ahulezia aldi berean. Pertsonak perfekzionista profila duenean, hori guztia sufrimendu-iturri jasanezina bihurtu daiteke, bai pertsonarentzat berarentzat, bai ingurukoentzat. Zer esanik ez, autoritatearen kasua eta, are gehiago, kausa denean.

Politikan, ekonomian, nazioarteko harremanetan nola, etxeko zokoetan hala hauteman dezakegu giza dinamika hori, baita fedearen ibilbidean ere.

Pedrok Jesusekin topo egin zuen eta harreman horretan bere bizi osoa eskaini nahi izan zuen, inolako mugarik eta baldintzarik gabe. Bere borondatean eta indarrean oinarrituta, boteretsu sentitu zen, edozein tentazio eta froga gainditzeko gai ikusten baitzuen bere burua.

Zalantzarik gabe, Jesusi jarraitzeko erabakian pertsonaren borondateak badu zereginik, baina borondate hutsean oinarrituta, ematen du Jesusekiko harremanak kale egiten duela.

Agidanez, gaueko Oliamendiko iluntasunak, bat-bateko laino trinko traidoreak paisaia zoragarria ezabatzen duen bezala, borondaterik gogorren, ziurren eta irmoena lurrundu dezake eta hutsaren hurren bihurtu.

Beharbada, borondateak huts egiten duenean, doakoaren garaia –aukera paregabeko gisan– heldu dakioke fededun zapuztu eta hautsiari. Baina nola eman pauso –jauzi– hori? Berriro, Judasen kasua datorkigu burura.

Beharbada, garizuma aldian hausnartzeko galderetako bat izan liteke, Pedroren eskarmentuari begira.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.