
Esakerak dioenez “Andramari martikorik zortzira kukuak joten ez badu ondrak egin behar zaizkio”. Baina, udaberririk udaberri gurera etorri eta mendia hartuko du gure basoetan kukuotsa zabalduaz batean bestean.
Lehen gehiago, baina gaur egun ere, Andramari martikoraz gero belarria ipinita egoten gara goizerik gauera eta badaezpada diruarekin aldean zein kukuotsak diru barik suertatu, ze, kukua lehenengoz entzukeran dirua aldean euki ezkero ez omen da dirurik faltako urte osoan edo gaixorik dagoen batek entzun ezkero hil ere ez urte horretan. Hori egia balitz e?
Kukua dela-eta, beste gauza asko kontatzen dira, eta besteak beste, Gorbeialdean sano ezagunak diren batzuk aipatuko ditugu.
Andramari martikoetan etortzen da kukua Afrika aldetik eta habiaginen hasi beharrean, hemengo txori txikiago baten habian egingo du arrautza, zeinda, txamilotxa, txindorra edo beste batenean. Txoritxu horrek arrautzak ezarri orduan, bera baino ere txorikuma handiagoa jaioko zaio eta ahaleginak egingo ditu mantentzeko. Deretxorik ote dago horretarako?
Kuku denporan, “kukufrakak” izeneko lore lilak ere ikusten dira gure muna bazterretan eta “kukusagarrak” haritz batzuetan.
Udaberri osoan ibiliko zaigu kukua kuku hotsean eta ekainaren azkenean San Pedroetan, mututu egingo zaigu eta maletaginen hasi, baina ez San Pedroak ospatu gabe. Arratian kontatzen denez, San Pedroetan kukuak Arantzazun bazkaltzen omen du eta Diman afaldu Gero berriz Afrikarantz abiatzeko. Ha ze bizimodua e? Amilotxak hizketan baleki?
0 Comments