HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaMartxoak 13
Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Eskatu, eta emango dizue Jainkoak; bilatu, eta aurkituko duzue; jo atea, eta zabalduko dizue; eskatzen duenak hartu egiten baitu, bilatzen duenak aurkitzen, eta atea jotzen duenari zabaldu egiten baitzaio. Zuetako norbaitek, semeak ogia eskatuta, harria emango ote dio? Edota arraina eskatuta, sugea emango ote dio? Beraz, zuek, gaiztoak izanik ere, zeuen seme-alabei gauza onak ematen baldin badakizue, zenbatez gehiago ez dizkie zeruko zuen Aitak gauza onak emango eskatzen dizkiotenei! Honela bada, besteek zuei egitea nahi zenuketen guztia egin zuek ere besteei; horixe da Moisesen legeak eta profetek diotena.»
Mateo 7, 7-12.
Otoitzean eskatutakoa, eskuratzen ote da? Badirudi Ebanjelioek hori iradokitzen dutela. Baina baiesten duena harago doa: otoitzak bidean jarriko gaituela, eta ez zaigula alferrikako izango. Zerbait, bai, aurkituko dugu; ez, noski, erregututakoa. Ateren bat zabalduko zaigula…
Garizuma aldi honetan hausnarbide hau har genezake: zer litzaidake onuragarri Jainkoagandik jasotzea? Zertara zabaldu behar nuke bihotza, egiten dudana baino gehiago? Zerk ematen dit beldur eta ziurgabetasuna?
Nola erabiltzen dut otoitza? Jainkoari zuzendutako eskari gisa? Ala nire baitari esateko urrats zailen aurrean konfiantza behar dudala? Otoitza ez ote zaigu hobeto oinarritzen konfiantzan, eskarian baino?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments