
Garizuma atea joka dago: beti bezala, Jesus hobeto ulertzeko gonbita eta aukera berria. Ildo horretatik, nork bere garizumaren bidean gogoeta egite aldera, Jesusi jarraitzeko hiru arrazoi nahasi iruzkintzera nator oraingo gogoeta honetan eta garizumaren aldiko hurrengo bietan.
Lehenengo lorratz desbideratua: Jesusi jarraitzea ideal etiko politiko jakin bat hauspotzeko.
Nazareteko Jesusen gizartea ez zen gizarte batere ideala. Elite aberatsaren eta gehiengo pobrearen arteko arrakala gaindiezina zen eta tarteko biztanleriaren kopurua oso txikia: zubirik gabeko gizarte zatikatua. Gosea, bazterkeria, bortizkeria, bidegabekeria, nonahi. Zer esanik ez emakumeen egoerari erreparatzean.
Gaurko gizartearen egoera ez da batere ideala, ezta hurrik eman ere. Urtarrilean, Davos suitzar hirian munduko boteretsuen ohiko bilera egin da. Oxfam Intermon erakundearen aurtengo txostenaren arabera, aberatsak gero eta aberatsagoak dira eta gehiengo biztanleria pobrea pobreziatik ezin da irten. Gaur, antzina bezala, bada justizia-gosea: klase sozialik gabeko harremanak, gizartearen aberastasuna ondo banatzen duten giza egiturak, inolako esklabotzarik gabeko giza bizitza.
Gaur, antzina bezala, gizartea aldatzeko ideologiak eta mugimenduak sortzen dira nonahi eta justizia eskuratzeko esperantzaren errautsak astintzen dituzte aldiro, Trump-en garaipenaren garaietan egon arren.
Emauseko iheslariek, besteak beste, gizartea iraultzeko aukera paregabea ikusi zuten Jesusengan: benetako gizarte etikoa, egitura politiko berriak, erromatar inperioaren uztarritik libratuta egongo zen herri askea. Mundu berri bat. Judasen ibilbide enigmatikoa eta azalgaitza ez zen amets horietatik urrun ibiliko.
Zalantzarik gabe, amets eder horiek Jesusekin topo egiteko aukera eta Jesusi jarraitzeko kausa izan ziren.
Jesus eta bere kausa, ordea, guztiz etsigarriak izan ziren borrokalari zintzo eta iraultzaile horientzat. Horietako bat ere ez zen Jesusen gurutzearen azpian geratzeko gai izan.
Agidanez, Jesusi azkeneraino jarraitzea, Jesus bete-betean sinestea ez da beste humanismo mota bat (hainbat humanismorekin kontrajartzen ez bada ere).
0 Comments