HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaMartxoak 9
Aldi hartan, Jesus Espiritu Santuaz beterik itzuli zen Jordandik. Espirituak eramanik, basamortuan barna ibili zen berrogei egunez, deabruak tentatzen zuela. Ez zuen ezer jan egun haietan, eta azkenean gosetu egin zen. Orduan, deabruak esan zion: «Jainkoaren Seme baldin bazara, esaiozu harri honi ogi bihur dadila». Jesusek erantzun zion: «Liburu Santuan idatzirik dago: “Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi”». Gero, deabruak, toki goi batera eramanik, munduko erreinu guztiak erakutsi zizkion une batean eta esan zion: «Horien guztien agintea eta ospea emango dizut; neuri eman didate eta nahi dudanari ematen diot. Beraz, gurtzen banauzu, zurea izango da dena». Jesusek erantzun zion: «Idatzirik dago: “Jauna zeure Jainkoa gurtuko duzu, eta hura bakarrik zerbitzatuko”». Orduan, deabruak Jerusalemera eraman zuen eta, tenpluaren goreneko ertzean ipinirik, esan zion: «Jainkoaren Seme baldin bazara, bota ezazu zeure burua hemendik behera, idatzirik dago eta: “Bere aingeruei aginduko die zu zaintzeko”, eta “eskuetan eramango zaituzte, harriekin estropezu egin ez dezazun”». Erantzun zion Jesusek: «Agindua dago: “Ez tentatu Jauna zeure Jainkoa”». Eta tentaldi oro bukaturik, alde egin zuen deabruak Jesusengandik hurrengo egokiera arte.
Lukas 4, 1-13.
Gaurko ebanjelioan agertzen zaigun testua alde askotatik aztertu ahalko genuke, baina oro har, Jesusek Berri Ona iragartzen hasi zenetik eta gurutzean hil zen arte izan zituen tentaldien laburpena dela esan dezakegu. Izan ere, Jesusen tentazioa bere izaeratik abantaila ateratzea izan zen. Eta guk ere tentazio bera izaten dugu, Jainkoarekin dugun harremana dela-eta, Jainkoak gauza txarretatik libratu behar gaituela pentsatzen dugunean.
Tentazioak hiru arlotan zehazten ditu ebanjelioak, hots: ekonomia (ondasunak… harriak ogi bihurtzea), boterea (honetan guztian aginduko duzu) eta norberaren izen ona (egin jauzia eta denak harrituko dituzu). Jesusek tentazio horiek izan zituen bizitza osoan zehar —gurutzean ere bai, jakina— eta gainditzen jakin zuen.
Lagun iezaguzu, Jauna, tentazio horiei aurre egiten. Lagun iezaguzu gure konfiantza zugan bakarrik jartzen, gure interesak eta zure nahia nahastu gabe, guretzat duzun proiektuan zuk nahi duzun bezala parte hartu ahal izateko.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments