HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Martxoak 8
Aldi hartan, Jesusek Lebi izeneko zergalari bat ikusi zuen, zergak biltzeko mahaian eseririk, eta esan zion: «Jarrai niri». Hark, dena utzirik, zutitu eta jarraitu zion. Lebik bazkari handia eman zion Jesusi bere etxean; Jesusekin eta honen ikasleekin batera zergalari eta bestelako jende asko zegoen mahaian. Fariseuak eta haien lege-maisuak marmarrean ari ziren eta esan zieten ikasleei: «Zergatik jaten eta edaten duzue zergalari eta bekatariekin?». Jesusek erantzun zien: «Ez dute osasundunek sendagilea behar, gaixoek baino; ez naiz zintzoei dei egitera etorri, bekatariei baizik, bihotz-berri daitezen».
Lukas 5, 27-32.

Jesusekin topo egiteak dena alda dezake. Horixe gertatu zitzaion Lebiri, Lukasek kontatzen duenez: Jesusek “jarrai niri” esan zion eta orduan dena aldatu zen. Lebi bekataria zen, gainerako zergalariek bezala, zergak kobratzen zituen askatasuna kentzen zien zapaltzailearentzat eta jendeari kendutako diru horretatik zati bat hartuta, ondo bizi zen. Baina Jesusekin topo egin, hari entzun eta orduan dena aldatu zen: guztia utzita, jarraitu egin zion.
Askotan guri ere Jesus non aurkitu jakitea gustatuko litzaiguke. Eta gaurko testuaren arabera, erantzuna erraza da: gure egunerokotasunean. Jesus gure jarduera arruntean hurbiltzen zaigu, jarduera hori edozein delarik ere. Jesus eguneroko lanean, eguneroko bizimoduan… eta eguneroko bekatuen erdian aurkitu ahal dugu. Prest egon behar dugu, hori bai, entzun eta jaramon egiteko.
Jauna, zuk badakizu nire ahulezien berri. Badakizu zuk bakarrik sendatu ahal nauzuna. Etorri nigana eta berritu nire bihotza. Horrela dena utzi eta jarraitu ahalko dizut.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments