HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 7

Aldi hartan, Joan Bataiatzailearen ikasleak Jesusengana hurbildu eta esan zioten: «Zergatik guk eta fariseuek sarritan egiten dugu barau, eta zure ikasleek ez?». Jesusek erantzun zien: «Ezteietara deituak egon al daitezke triste senar berria berekin duten bitartean? Etorriko zaie senar berria kenduko dieten eguna; orduan, bai, egingo dute barau».

Mateo 9, 14-15.

Joan Bataiatzaileak, baita fariseuek ere, beste modu batean, Jainkoak ordainsariak ematen zituela uste zuten: bihotz berritu behar genuen —legea, Jainkoak emandako arauak bete— eta Jainkoak ordainez bere promesa bete eta gauza onak emango zizkien bere herriari eta herrikide bakoitzari. Jesusek, berriz, gauzak alderantziz ikusten zituen: Jainkoak bere promesa betea du jadanik, hemendik aurrera gauzak desberdinak izango dira, Jainkoa gure alde dagoelako eta Jesusekin inoiz entzun gabeko posibilitateak ireki direlako: Jainkoak historian esku hartu du eta aurrerantzean guzti-guztia Jainkoak nahi duen modukoa izan daiteke.

Bihotz berritu behar dugu, bai. Baina ez Jainkoak bere hitza bete dezan, Jainkoak bere promesa bete duelako baizik. Amaitu dira arauak eta ezteguetara —maitasunaren jaira, alegia— gonbidatuta gaude.

Lagun iezaguzu, Jauna, pixkanaka zure promesa gugan nola betetzen duzun ulertzen. Eta Jesusengandik aldentzen garenean, lagundu barau egiten, hau da, konfiantza zugan bakarrik jartzen, Jesusengana itzultzeko.

Bittor Uraga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude