HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 6

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Gizonaren Semeak asko sufritu beharra du; zaharrek, apaizburuek eta lege-maisuek gaitzetsi egingo dute eta hil, baina hirugarren egunean piztu egingo da». Eta hau esan zien denei: «Nire ondoren etorri nahi duenak uko egin biezaio bere buruari, har beza eguneroko bere gurutzea eta jarrai biezat. Izan ere, bere bizia salbatu nahi duenak galdu egingo du; baina bere bizia nigatik galtzen duenak salbatu egingo du. Zertako du gizakiak mundu guztia irabaztea, bere bizia galtzen eta hondatzen badu?».

Lukas 9, 22-25.

Jesusek esaten eta egiten zituen gauzak ez zitzaizkion gustatu orduko botereari eta agintariek ordainarazi zioten hori guztia: gurutzean hil zen, Jainkoak madaritzen omen zituenak bezalaxe. Testu honetan Jesusek jakinaren gainean jarri nahi gaitu, orduko bere lagunak eta gu: jarraitu nahi badiogu, boterearen baloreak salatu eta beste batzuk eskaintzen baditugu, boterea —gizartea, sistema… nahi dugun moduan izenda dezakegu— hori ekiditen saiatuko da eta mendekua hartuko du. Eguneroko gure gurutzea hartu behar dugu, arazoak izango ditugu —eta bat ere arazorik eragiten ez badigu, pentsatu beharko genuke zerbait gaizki egiten ari garela.

Ohituta gauden baloreak eta Jesusek proposatzen dituenak elkarren kontrakoak dira, sarri askotan. Bidea gogor egingo zaigu maiz baina, Jesusek dioenaren arabera behintzat, merezi du: Jesusi jarraituta benetako bizi betea lortuko dugu, Jainkoaren bizian parte hartzea. Eta zertarako dugu munduko erosotasun guztia, bizi betea galtzen baldin badugu?

Lagundu, Jauna, gurutzea eramaten eta zurekin betetasuna aurkitzen.

Bittor Uraga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude