HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 5

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Begira, gero: ez egin zeuen egintza onak jendaurrean, ikus zaitzaten! Bestela, ez duzue zeruetan dagoen Aitaren saririk izango. Limosna ematean, beraz, ez ibili aurretik turuta jotzen, itxurazaleak sinagogetan eta kaleetan ibiltzen diren bezala, jendeak txalotu ditzan. Egia esan,horiek jaso dute beren saria. Zuk limosna ematean, ordea, ez beza jakin zure ezkerrak zer egiten duen eskuinak; horrela, zure limosna ezkutuan geldituko da; eta ezkutuan ere ikusten duen zeure Aitak emango dizu ordaina. Otoitz egitean, ez egin itxurazaleek bezala; horiek sinagogetan eta plaza-ertzetan zutik otoitz egitea maite baitute, jendeak ikus ditzan. Egia esan, horiek jaso dute beren saria. Zu, ordea, otoitz egitean, sar zaitez zeure gelan, itxi atea eta egiozu otoitz ezkutuan dagoen zeure Aitari; eta ezkutuan ere ikusten duen zeure Aitak emango dizu ordaina. Barau egitean, ez agertu kopetilun, itxurazaleak bezala; aurpegia itsustu egiten baitute, barau egiten dutela jendeari agertzeko. Egia esan, horiek jaso dute beren saria. Zuk, ordea, barau egitean, gantzutu zeure burua usain gozoz eta garbitu aurpegia, jendeak ez, baina ezkutuan dagoen zure Aitak ikus dezan zure baraua; eta ezkutuan ere ikusten duen zeure Aitak emango dizu ordaina».

Mateo 6, 1-6. 16-18.

Limosna, otoitza eta baraua. Orduko jendeak egintza horiek erakusteko joera zuen, horrela bere burua goratzen zuen eta. Gaur egun ez dugu halako gauzarik egiten, baina sarritan joera berbera izaten dugu: gutxien daukatenekiko gure elkartasuna erakutsi, Jainkoaren aurrean bizi garela eta Jainkoa gurekin dagoela iradoki, Jainkoa bera nahikoa dela, besterik behar ez dugula agerian uzten saiatzen gara…

Gainerakoen elkartasunak ez digu, bizi garen gizartean, ospe handirik emango, baina Jainkoak guretzat duen proiektuan parte hartuko dugu eta Jainkoa Aita-Amatzat ulertuko dugu; gure bizimodua Jainkoaren aurrean jarri, ematen digun argiagatik eskerrak eman eta aurrera jarraitzeko laguntza eskatzeak ez gaitu modako pertsonaia bihurtuko, baina horren bidez Jainkoa gure bizimodua aldatuz joango da, betegarriago bihurtuz, alegia; eta gure konfiantza dauzkagun gauzetan ez, baina Jainkoagan soilik jartzen badugu, zoro itxura emango dugu gizartean, beharbada, baina Jainkoak horrela neba-arrebak izatera eramango gaitu.

Zaila da, zalantzarik ez. Otoitz egin dezagun, iristen ez garen hori, Jainkoaren Espirituak egin dezan.

Bittor Uraga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude