HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Martxoak 4

Aldi hartan, Pedrok esan zion Jesusi: «Hara, guk dena utzi dugu, Zuri jarraitzeko». Jesusek erantzun: «Benetan diotsuet: Nigatik eta Berri Onagatik etxea, senideak, ama, aita, seme-alabak eta lurrak uzten dituenak, orain, mundu honetan, ehun halako hartuko du: etxe, senide, ama, seme-alaba eta lur, erasoaldiekinbatera; eta gero, datorren munduan, betiko bizia. Orain lehenengo diren asko azkeneko izango dira, eta orain azkeneko direnak lehenengo».

Markos 10, 28-31.

Jainkoa gure alde dago. Gure Aita-Ama izan nahi du eta neba-arreben arteko proiektua dauka guretzat. Hori guztia Jesusengan gauzatu eta frogatu da. Guk Berri On hori onartu eta Jesusi jarraitzeko aukera daukagu, harrezkero dena aldatu delako: gauzak Jainkoak nahi duen bezala joan daitezke aurrerantzean.

Egia da bidea ez dela erraza izango: orain arte segurtasuna eman diguten gauzak albo batera utzi beharko ditugu eta gainera erasoak ere izango ditugu, gure konfiantza Berri Onean eta Jesusengan ipinita. Baina, Jesusek dioskunez, merezi du, uzten dugunaren ordez Jainkoagandik jasoko dugunak “ehun halako” balio baitu.

Merezi du saiatzea? Beharbada bai. Beharbada egia da Jesusengandik hona gauzak zeharo aldatu direla. Agian konfiantza Jainkoaren Berri Onean jarri eta Jesusi jarraitzen saiatuz gero, guretzat ere lehenak azken eta azkenak lehen bihurtuko dira eta betiko bizi betea izango dugu. Ez da izango bide erraza, baina Jainkoaren laguntza izango dugu. Saia gaitezen apurka-apurka.

Bittor Uraga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude