HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Martxoak 3
Aldi hartan, Jesus abiatzera zihoala, gizon bat etorri zitzaion lasterka eta, aurrean belaunikaturik, galdetu zion: «Maisu ona, zer egin behar dut betiko bizia ondaretzat jasotzeko?». Jesusek erantzun zion: «Zergatik esaten didazu ona? Inor ez da ona, Jainkoa besterik. Badakizkizu aginduak: ez hil inor, ez egin adulteriorik, ez ostu, ez egin gezurrezko testigantzarik, ez egin kalterik, hartu aintzat aita-amak». Hark, orduan: «Maisu, gazte-gaztetandik bete izan dut hori guztia». Jesus maitasunez begira jarri zitzaion, eta esan: «Gauza bat besterik ez zaizu falta: zoaz, saldu daukazun guztia eta eman behartsuei, eta altxorra izango duzu zeruan; gero, zatoz etajarraitu Niri». Hitz hauek entzutean, ilun jarri zen gizona eta nahigabez joan, ondasun handien jabe baitzen.Orduan, Jesusek, ingurura begiratuz, esan zien ikasleei:
«Bai nekez sartuko direla aberatsak Jainkoaren erreinuan!». Harriturik utzi zituen ikasleak esaldi honek. Baina Jesusek berriro ere: «Ene semeok, zaila da benetan Jainkoaren erreinuan sartzea! Jostorratzaren begitik gamelua igarotzea errazago, aberatsa Jainkoaren erreinuan sartzea baino». Ikasleek, gero eta harrituago, elkarriziotsaten: «Nor salba daiteke, orduan?». Jesusek begira-begira jarri eta esan zien:
«Gizakiarentzat ezinezko da, baina Jainkoarentzat ez, dena baitezake Jainkoak».
Markos 10, 17-27.

Aginduak oso erosoak dira guretzat. Ahalegina egin behar duzu, bai; baina badakizu zer egin: ez hil inor, adulteriorik ez, gurasoak aintzat hartu… Gainera hori Jainkoari ondo iruditzen zaio, Jesusek esan digunez. Hori guztia, gutxi gora behera, betetzen dugula diogunean, ordea, Jesusek beste zerbait proposatzen digu: “Uko egin ziurtasuna ematen dizun guztiari eta zure konfiantza Jainkoaren proiektuan jarri soilik, Jainkoa bakarrik baita ona”. Eta hori askoz deserosoagoa da, gure konfiantza, Jainkoagan baino lehen, kontu korrontean, adiskideengan, ideologian eta ahaleginez lortu ditugun gauzetan jarri ohi dugulako.
Jainkoa, berriz, gutaz fidatu da: bere proiektua gure eskuetan utzi du eta ez du ezer egin nahi guk gauzatzen ez badugu. Saia gintezke konfiantza beregan jartzen, pixkanaka eskatzen dizkigun gauzak egiten, ea zer gertatzen den. Erokeria dirudi batzuetan, ezinezko utopia beste zenbaitetan… baina agian, guk ezin egin dezakeguna Jainkoaren Espirituak gugan gauzatuko du. Eta beharbada gero eta bizimodu betegarriagoa izango dugu. Jesusek hala esan zigun.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments