
Izenburua: Somebody Somewhere
Zuzendariak: Hannah Bos eta Paul Thureen
Herrialdea: Estatu Batuak
Ezaugarriak: 3 denboraldi (azkena 2024ko urriaren 27an estreinatua). Guztira 21 kapitulu
Plataforma: HBO
Telebistako telesailen eskaintza prefabrikatuan sekulako argi izpia da Somebody Somewhere amerikarra. Plataforma ezagunetako telesail arrakastatsuen osagai eta formuletako bakar bat ere jarraitu gabe –edo ez jarraitzeari esker– benetakotasunez, sakontasunez eta samurtasunez beteriko bizi ufada oparitzen digun artefaktua.
Sam Estatu Batuetako Kansas estatuko hiri txiki batean bizi den adin ertaineko emakumea da. Aizparen heriotza gainditu ezinik, ezkongabe, bere gorputza onartzeko arazoekin, lanpostu kaskarretan… Bere inguruan pertsonaia desberdinak ezagutuko ditugu –gehienak gizartean onartuak izateko zailtasunak izan dituztenak– eta haien arteko harremana da telesailak kontatuko diguna tonu errealista erabiliz eta komedia eta drama nahastuz.
Ez dut xehetasunetan sartu nahi, telesaila ikusi ez duzuenoi une bakoitzaren deskubrimenduak dakarren gozamena opa dizuedalako. Esango dut Somebody Somewhere giza emozioei buruzko telesaila dela. Edo, zehazkiago, pertsonen arteko harremanetan sortzen diren sentipenei buruzkoa: maitasuna, adiskidetasuna, poza, elkar babesteko borondatea, beldurra, segurtasun falta, elkarrekiko dependentzia, maite ditugunei nahi gabe egiten diegun mina, pertsonek duten aldatzeko gaitasuna, barkatzeko gaitasuna, etab. Kapitulu bakoitza, eszena bakoitza, begirada bakoitza da hain benetakoa, hain ñabarduraz betea, eta batzuetan hain zirraragarria… bizitzaren bidea egiten ari diren bene-benetako pertsona maitagarrien lekuko garela sinestuko dugula (eta nor ez da maitagarria?).
Ezin aipatu gabe utzi fedea eta Elizaren presentzia. Kasu honetan Estatu Batuetako eliza luterano eta protestanteena. Ez da azpimarratzen den gaia, baina ez da oharkabean pasatzen: topaleku eta babesleku den eliza, pertsona guztientzako besoak zabalik dituena.
Artikulu hau ez da kritika edo analisi bat. Esker oneko ekintza da. Telesail plastifikatuen hutsaltasunaren aurrean ihesbidea eman digu Somebody Somewhere-ek. Eta hain da ona, “telebista” deitzen dugun aparailu hori erredimitzeko gaitasuna duela: hurrengo zabortxoa ikusten dugunean irribarre bat eramango dugu bihotzean, mirari hutsa iruditzen zaidan telesail honek utzitako zapore gozoa gogoratzean.
0 Comments