Ipin gaitzazu zutik (Mk 9, 14-29)

2025 Ots 24

Gu ere horrelakoxeak izaten gara batzuetan, Jauna:
menderatzen gaituzten espiritu gaiztoak dauzkagu barruan,
zure proiektuaren kontrako indarrak,
gizateriaren kontrakoak ere bai,
eta gu ez gara gai indar horiek menderatzeko;
umetatik utzi diegu indar horiei menderatzen
eta indarrok min egiten digute,
arrastaka erabiltzen gaituzte lurretik
eta, hala, etengabeko kontraesanean bizi gara
(sua ala ura? Ura ala sua?).
Eta azkenean nahiago izaten dugu
gure segurtasuna zure apustua baino,
gure aukera mugatuak zure promesak baino,
gure irudi ona zure hurbiltasun susmagarria baino.
Behin eta berriro esaten dugun arren,
indar horiek mila bider
arriskuan jarri bagaituzte ere,
ez dugu saiatzeko erabakia behingoan hartzen;
lagundu ahal diguzula uste dugu,
baina batzuetan zalantza ere izaten dugu barruan,
indar horietatik askatu eta aldatu ahal ote dugun
ala nahi ote dugun.

Erruki zaitez gutaz,
bota ezazu guregan bizi eta menderatu nahi gaituen espiritu gaiztoa,
gortu egiten baikaitu zure deirako,
eta zuri ezer eskatzea ere galarazten baitigu.

Jesusi jarraitzean,
eskutik hartzen uztean,
zutik ipin gaitezela
eta heriotzaren antzeko egoera hau gainditu.

Erakutsi hori guztia
zurekin dugun harremanean,
orain artekoan egin duzun bezalaxe,
zu hurbil egoteak bakarrik
askatu ahal baikaitu honetatik;
eta gure artean dugun harremanak ere
horrexetarako balio dezala,
izan gaitezela elkarrentzat
askatzen gaituen zure hitza,
zutik ipintzen gaituen zure eskua
eta harrera egiten digun zure besoa.

Eskerrik asko, Aita-Ama.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude