HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Otsailak 19
Aldi hartan, Jesus eta ikasleak Betsaidara iritsi ziren, eta itsu bat ekarri zioten, uki zezala eskatuz. Jesusek itsuari eskutik heldu eta herritik kanpora atera zuen. Begiak listuz igurtzi ondoren, eskuak gainean ezarri zizkion eta galdetu: «Ikusten al duzu ezer?». Hark begiratu eta esan zuen: «Gizonak-edo nabaritzen ditut: zuhaitzak dirudite, baina ibili dabiltza». Orduan, berriro eskuak ezarri zizkion begietan eta argi ikusten hasi zen gizona; sendaturik gelditu zen, guztia garbi-garbi ikusten zuela. Jesusek etxera bidali zuen, herrian sartu ere ez egiteko aginduz.
Markos 8, 22-26.
Jesusek, itsuari eskutik heldu, eta herritik kanpora atera du. Hau da, askotan, gure itsutasunaz jabetzeko, distantzia hartu behar dugu. Deigarria da nola Jesusek zentzumen gertukoenak erabiltzen dituen itsutasuna sendatzeko: ukimena, listua igurtzi begietan.
Ondoren, Jesusek galdera egiten dio: “Ikusten al duzu ezer?”
Pasarte honek zerbait erakutsi diezaguke: batzuetan, gure prozesuetan, galdurik aurkitzen gara eta, gure ingurukoek esan arren, ez dugu ezer ikusten. Itsutasunetik atera nahi badugu, lehenengo pausoa kontziente egitea da. Ondoren itsutasun horretatik ateratzeko nahia izatea. Eta askotan, pazientzia handia behar dugu, prozesu sakona baita.
Jesus gurekin dugu, baita Jainkoaren bitartekariak ere, prozesu hori egiteko. Erne egon gaitezen!
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments