HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Otsailak 17
Aldi hartan, fariseuak etorri eta Jesusekin eztabaidan hasi ziren. Jainkoagandiko seinale bat eskatzen zioten azpikeriaz. Jesusek, barrutik hasperen eginez, esan zien: «Zer dela-eta ari da gizaldi hau seinale eske? Benetan diotsuet: Gizaldi honi ez zaio seinalerik emango». Eta, haiek utzirik, berriro txalupara igo eta bestaldera abiatu zen.
Markos 8, 11-13.
Jesusek, ezer esan aurretik, arnasa hartzen du hasperen eginez. Zer pentsatuko ote du une horretan? Badirudi fariseuek ez dutela inongo interesik Jesusek dioena arretaz entzuteko. Jada, hari buruzko aurreiritzia eta epaia eginak dituzte. Egia osoaren jabe direla uste dute, Jesusek pentsatu eta bizi duen mesianismoa desberdina baita. Fariseuek, ziurrenik, galdera hau egiten diote beren buruari: nola liteke Jesus bekatarien zerbitzari eta lagun izatea?
Berak askotan azaldu du, pazientzia osoarekin, Jainkoaren seinale ugari ikus ditzakegula eguneroko bizitzan. Kontua, arreta osoa jartzea da. Askotan, gutxien espero dugun pertsonarengan edo lekuan, aurkitu baititzakegu.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments