HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Osailak 16
Aldi hartan, Jesus ikasleekin menditik jaitsi eta zelaigune batean gelditu zen. Ikasle-multzo handia zen harekin; baita herriko jendetza ugaria ere, Judea osotik, Jerusalemdik eta Tiroko eta Sidongo itsasaldetik etorria. Jesusek, ikasleei begira, esan zien: «Zorionekoak behartsuok, zuena baita Jainkoaren erreinua. Zorionekoak orain gose zaretenok, aseko baitzaituzte Jainkoak. Zorionekoak orain negar egiten duzuenok, barre egingo baituzue. Zorionekoak zuek, Gizonaren Semea dela-eta jendeak gorrotatu,beren artetik bota eta madarikatuko zaituztetenean eta izen txarra emango dizuetenean. Alaitu zaitezte egun horretan eta egin pozez jauzi, handia izango baita zuen saria zeruan; gauza bera egin zieten profetei jende horren gurasoek. Baina ai zuek, aberatsok, hartu baituzue zeuen poza! Ai zuek, orain aseak zaudetenok, gose izango baitzarete! Ai zuek, orain barre egiten duzuenok, aiene eta negaregingo baituzue! Ai zuek, mundu guztiak zuetaz ondo hitz egingo duenean, gauza bera egin baitzieten sasiprofetei jende horren gurasoek!».
Lukas 6, 17. 20-26.
Hasieratik bukaera arte, hitzen, errealitateen kontrastea oparitzen digu gaur Lukasek: mendia-zelaigunea; ikasle-multzo eta jendetza ugari; Zorionekoak – Ai zuek! Eta “Zorionekoak” bakoitzaren baitan, kontrastea; beste hainbeste “Ai zuek!” bakoitzean. Bizikizun sakonak (mendia) errealitatearekin (zelaiguneekin) uztartu behar dira; eta jarrera zehatz batzuekin: Jaunaren ‘logika’ antzematetik sortzen direnak. Hortik, ulertzea eta bizitzea kostatzen bada ere, egiaz sustraitutako zoriontasun, bedeinkapen, alaitasun jario da; norberarentzat eta besteentzat. Jabetzen gara gizakioi, pertsona bezala, ia-ia berez, beste parametro batzuk sortzen zaizkigula: ondasunetan bizitzea, mugak onartu nahi ez izatea, guztiak gutaz ondo hitz egitea, izen-ona edukitzea… Baina buelta erdi bat ematen ikasi behar, egunez egun eta bidean. Jesusek, gaur, zuri eta niri begira, dinamika berean jartzen gaitu. Noraino prest?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments