HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Osailak 14
Aldi hartan, Jaunak beste hirurogeita hamabi ikasle izendatu eta bere aurretik bidali zituen binaka, bera joatekoa zen herri eta leku guztietara. Eta esan zien: «Uzta ugaria da, baina langileak gutxi. Egin, beraz, otoitz uzta-jabeari bidal ditzala langileak bere uztara. Zoazte! Arkumeak otso artera bezala bidaltzen zaituztet. Ez eraman poltsarik, ez zakutorik, ez oinetakorik, eta ez gelditu bidean inori agur egiten. Edozein etxetan sartzen zaretela, esazue lehenbizi: “Bakea etxe honetakoei!”. Eta han bakezalerik bada, haren gainean kokatuko da zuen bakea; bestela, berriz, zuen bakerik gabe geldituko dira. Geldi zaitezte etxe berean; eta jan eta edan daukatenetik, zor baitzaio langileari bere saria. Ez ibili etxez etxe. Herriren batean sartu eta ondo hartzen bazaituztete, jan jartzen dizuetenetik, sendatu bertako gaixoak eta esaiezue: “Hurbil duzue Jainkoaren erreinua”».
Lukas 10, 1-9.
Hasierako ukitu bat heldu zait, bereziki “bere aurretik bidali zituen”, “izendatu” ondoren. Bai. Jesus, aurretik ez, atzetik baizik. Jesusek izendatzen dituen haiengan konfiantza jartzen du bide berriak irekitzeko gai izango direla sentituz, eta modu zehatz batean: xumetasunez, bidean, bakea eraikiz, sendatuz, onez elkarbanatzen dena onartuz… Jesus ametsetan? Ez, zuregan, niregan, harengan, elkartearengan konfiantza jarriz; eta Berri On hori zabaltzea posible dela sinistuz. Erantzukizun ederra eta biziemailea, Jaunak eskuetan uzten diguna. Noski, zehaztapen bat azpimarratzea garrantzitsua: “Egin otoitz uzta-jabeari… Eta ez ahaztu, eginkizuna erraza ez dela”. Beti, eta gaurkoan ere, bideetan, etxeetan, Bizitza gehiago sortzea -Jainkoaren erreinua- zail ditzaketen ‘otso’ ezberdinak aurki ditzakegu. Baina, behin eta berriz, berri dezagun: izendatua, bidalia eta esaiezu… Zer esateko daukat? Nondik? Nori? Norekin?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments