HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Osailak 13
Aldi hartan, Jesus Tiro aldera joan zen. Etxe batean sartu zen, eta ez zuen inork jakiterik nahi; baina ezin izan zen ezkutuan egon. Alaba espiritu gaiztoak hartua zeukan emakume bat, Jesusen berri jakin zueneko, etorri eta oinetan ahuspeztu zitzaion. Emakumea jentila zen, feniziarra. Eta alabagandik deabrua botatzeko eskatzen zion Jesusi. Jesusek erantzun zion: «Utzi lehenbizi seme-alabak asetzen; ez dago ondo seme-alabei ogia kendu eta txakurrei botatzea». Emakumeak erantzun zion: «Bai, Jauna, halaxe da; baina txakurrek ere jan ohi dituzte seme-alaben ogi-apurrak mahaipean». Orduan, Jesusek:
«Erantzun horrengatik, zoaz; atera da deabrua zure alabagandik». Itzuli zen etxera, eta ohean etzana aurkitu zuen neskatxa; alde egina zen deabrua.
Markos 7, 24-30.
Ausarta, benetan, gaurko Ebanjelio zatia. Gainera, Galileatik kanpo ematen dena. Beraz, Jesusentzat giro berri bat. Eta berria, benetan, Jesusen bidaietako atal hau hasten den moduan. Pentsa ezina! Hortxe, Jesusen aurrez-aurre: emakume bat, jentila, feniziarra; erantsi, alaba -beste emakume bat-, eta hura gaixorik -deabruz beterik-; amak ez du erraz amore ematen Jesusek esaten dionari… Are gehiago, Jesus ‘behartzen’ du pentsatzen ez zuen pauso bat ematera. Xumetasunezko erabateko jarrera: Jesusengana joan eta oinetan ahuspeztu. Alaba ezin zen mugitu -deabruak erabat lotuta zeukan- eta, horregatik, ama hurbildu zen. Jesus ukitzeko beste modu bat. Jesus ere heriotza sortzen duten usadioak ‘ukitzeko’ prest, horrek egiazko bizitza sortzen badu. Zorionekoa, zu, emakume hori, horrelako ausardia ematen dizun fede sakon eta xume horrengatik! Zorionekoa, zu, Jesus Jauna, Jainkoaren Erreinua eraikitzearren horrelako ausardiaz jokatzeagatik!
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments