HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Otsailak 5
Aldi hartan, Jesus bere herrira joan zen, ikasleak ondoren zituela. Hurrengo larunbatean, sinagogan irakasten hasi zen. Entzule askok, harriturik, hau zioen: «Nondik du honek hori guztia? Zer da eman zaion jakinduria hori? Eta honen eskuz gertatzen diren mirari horiek? Hau ez al da, ba, arotza, Mariaren semea eta Santiago, Jose, Judas eta Simonen anaia? Eta honen arrebak ere ez al dira hemen gure artean bizi?». Eta ezin zuten sinetsi harengan. Jesusek esan zien: «Profetari edonon ematen diote ohore, bere herrian, senitartean eta etxean izan ezik». Eta ezin izan zuen han miraririk egin; hala ere, gaixo bakar batzuk sendatu zituen, eskuak gainean ezarriz. Eta harriturik zegoen haien sinesgogorkeriaz. Gero, inguruko auzoetan ibili zen, irakasten.
Markos 6, 1-6.
Isildu dira atzo arratsaldean hainbat herritan Santa Ageda bezperako ohiturari jarraituz, makila hartuta kantura atera zirenen taldeen hotsak. Adituek diotenez neguan lo egon den lurrari esnarazteko asmoa omen zuten makil hotsak, gertu dagoen udaberria iragarriz.
Neguko lurra baino gogorragoa gerta daiteke giza bihotza, Jesus bera harritzen duen sinesgogorkeriaz. Jainkoak onartu behar ez lukeen sufrimendu baten ondorioz gogortu daiteke bihotza; edota Jainkoaren isiltasunaren ondorioz. Ez dira falta harrotasunagatik gogortu daitezkeenak, edo halako babes espiritualaren garantiak bilatzeagatik Jainkoarekin konfiantza baino, negoziaziorako jarrera hotza erakusten dutenak. Ebanjelioan, berriz, eskandalua da sinesgogorkeriaren forma.
Jesusek giza bihotza esnatzeko esaten eta egiten dituenak dira eskandalutsuak. Gauzak zehazten direnean, eta benetan posible den bide bat zabaltzen denean, orduan hasten dira kontuak eta komeriak. Poza, errotik berritzen gaituen jubileua, Jesus sinesgarri onartzetik datorkigu, haren jarraitzaile bezala, itxaropenean erromes.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments