HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Otsailak 4

Aldi hartan, Jesus itsasoaz bestaldera itzuli zenean, jende-talde handia bildu zitzaion. Artean itsaso ondoan zegoela, sinagogako buruzagietako bat etorri zen, Jairo zeritzana; Jesus ikustean, honen oinetan ahuspezturik, arren eta arren eskatzen zion: «Hilzorian dut alabatxoa; zatoz haren gainean eskuak ezartzera, senda dadin eta bizi». Jesus harekin abiatu zen. Jende asko zihoakion ondoren, estutuz. Bazen han emakume bat, hamabi urte hartan odol-jarioa zuena. Hamaika sendagileren eskuetan jasatekoak jasana zen, eta bere ondasun guztiak ere horretan emanak zituen; baina sendatu beharrean, gero eta okerrago zihoan. Jesusen berri entzunda, jende artean atzetik joan eta jantzia ukitu zion, hau baitzioen bere artean:

«Jantzia bederen ukitzen badiot, sendatuko naiz». Une berean odol- jarioa gelditu zitzaion, eta gaitza sendatua zuela sumatu zuen bere gorputzean. Berehala antzeman zion Jesusek halako indar bat atera zitzaiola barnetik eta, jende artean itzulirik, galdetu zuen: «Nork ukitu dit jantzia?». Ikasleek erantzun zioten: «Hainbeste jendek estutzen zaituela ikusi, eta nork ukitu zaituen galdetzen al duzu?». Baina Jesus ingurura begira zebilen, nork egin ote zion hori. Orduan, emakumeak, beldurrez dar-dar –ongi baitzekien zer gertatu zitzaion–, oinetara erori eta egia osoa aitortu zion. Baina Jesusek esan zion: «Alaba, zeure sinesmenak sendatu zaitu; zoaz bakean, eta sendatua bekizu gaitza».

Artean hizketan ari zela, sinagogako buruzagiaren etxetik etorri ziren, esanez: «Hil zaizu alaba. Zertako eman neke gehiago Maisuari?». Baina Jesusek, hitz horiek entzunik, sinagogako buruzagiari esan zion: «Ez beldur izan; zuk sinetsi!». Ez zion inori ere berekin joaten utzi, Pedrori, Santiagori eta honen anaia Joani izan ezik. Sinagogako buruzagiaren etxera iristean, ikusi zuen Jesusek hango istilua, jendea negarrez eta garrasika. Sartu eta esan zien: «Zer dela-eta horrenbeste istilu eta negar? Neskatxa ez dago hilda, lo dago». Haiek barre egiten zioten. Baina Jesusek denak kanpora bidali zituen eta, neskatxaren aita-amak eta berekin zituenak harturik, neska zegoen tokira sartu zen. Neskari eskutik heldu eta esan zion: «Talitha, kum» (hau da: «Neskatxa, zuri diotsut, jaiki»). Berehala zutitu eta ibiltzen hasi zen, hamabi urte bazituen eta. Jende guztia harri eta zur gelditu zen. Jesusek zorrotz agindu zien inork ere ez zezala jakin. Eta neskatxari jaten emateko esan zien.

Markos 5, 21-43.

Jesusen mirariek, ebanjelioan entzun ditugun bi ezaugarriek ere, ez gaituzte axolagabe uzten. Hainbat sentipen eta galdera sortzen dituzte gure barnean. Izan ere, ezagunak ditugu Jesusengana gerturatzen direnen egoerak eta sufrimenduak; akaso gertuko norbaitek ditu, edo guk geuk probatu ditugu. Hala ere, emozioak eta galderak zeharo txunditzen dira egoera horien aurrean Jesusek egindakoak ikustean.

Jesusen piztueraren argitan ulertu zuten ikasleek fedearen miragarri hauen egiazko esanahia eta garrantzia. Ezaugarri hauek testigantzak dira, egun handian etorriko denaren hasikina eta promesak. Egun handian berrituko eta zuzenduko ditu Jainkoak betirako mundu honetakoak bere maitasunaren suaz. Hasita dago honez gero, ontasun eta zuzentasunaren berrikuntza horretan. Ezaugarri miragarriak ez zaizkigu falta: gehienetan egunerokoak dira, inoiz ez arruntak, apartekoak baitira beti. Horietan dirdai egiten du bokazioa dugunon ontasuna, zaintza eta elkar maitasuna.

Pedro Uranga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude