
Guk ez dugu Beeltzebul aipatzen, Jauna
–beste garai bateko kontuak direla iruditzen zaigu–,
baina gure ohituren kontrako guztia
gaitzesteko joera daukagu, hori bai,
eta hala, batzuei eta besteei buruz
deabrukeriak esaten ditugu:
erradikalegiak direla diogu,
edo dauden egoeran erraz dutela,
edota zenbait gauzatan bai
baina honetan eta hartan ez dutela maila ematen…
Kontua hori da: besteek beren bizimoduaz
zirikatu egiten gaituzte,
salaketa dira guretzat nonbait,
eta ez gaude prest hori egiten uzteko.
Agian horixe nahi dugulako, azken batean:
zure erreinuarekin konpromiso osoa ez hartu,
bizia erreinuaren eraikuntzan ez jarri.
Jakina, zuk ere ulertu behar duzu
askozaz erosoagoa dela
eta ziurrago ere sentitzen garela, gainera,
horrela ez baitugu ezertxo ere erabaki behar:
guztiek egiten dutena egin eta kitto!
Eskerrak zure Espirituagatik,
zure eta Jesusen Espirituagatik.
Hark gogorarazten digu etengabe
gauzak bestela joan daitezkeela,
zuk bestela joatea nahi duzula,
erreinuarekin konpromisoa hartzen dugunean,
gizakiago izaten ari garela:
zurekin indartsu egiten ari garela
eta inork ezingo duela
eraikitzen laguntzen dizugun etxe hau behera bota.
Eman beti zure Espiritua, Jauna.
Berarentzat gero eta irekiago egon gaitezela
eta hura ezagutzen jakin dezagula;
ez dugu beste gauza batzuekin nahastu nahi,
ezta komeni zaigunaren arabera kritikatu ere.
Maite zaitugu.
Konturatzen gara, hori bai,
zuk maiteago gaituzula gu.
0 Comments