HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urtarrilak 26
Teofilo agurgarria: Askok ekin dio gure artean izan diren gertakarien historia idazteari, hasieratik begizko testigu eta gero Berri Onaren predikari izandakoek jakinarazi digutenaren arabera. Neuri ere ongi iruditu zait dena bere harian zuretzat idaztea, hasieratik guztia zehatz-mehatz aztertu ondoren, hartu dituzun irakaspenak zein finkatuak dauden ikus dezazun. Jesus, Espirituaren indarrez, Galileara itzuli zen, eta haren izena lurralde hartan guztian zabaldu zen. Hango sinagogetan irakasten zuen, eta denek goresten zuten. Jesus Nazaretera, bera hazi zen herrira, joan zen, eta larunbatean sinagogan sartu, ohi zuenez, eta zutik jarri zen irakurgaia egiteko. Isaias profetaren liburua eman zioten eta, irekitzean, pasarte hau aurkitu zuen: «Jaunaren Espiritua nire gainean dago, hark gantzutu bainau, behartsuei Berri Ona emateko. Gatibuei askatasuna eta itsuei ikusmena hots egitera bidali nau, zapalduei askatasuna ematera, Jaunaren onginahi-urtea hots egitera». Liburua bildu ondoren, laguntzaileari eman eta eseri egin zen. Denak sinagogan begira-begira zeuzkan. Jesus honela hasi zitzaien: «Gaur bete da orain entzun duzuen Liburu Santuko hitz hau».
Lukas 1, 1-4; 4, 14-21.

Kristautasunean baditugu tradizio asko eta badugu Tradizio bat.
Tradizioek, beharrezkoak direnez, gure espazioa eta denbora soziala, oro har, giza harremanak egituratzen dituzte. Tradizioak aldagarriak dira eta gure modernitatean oso aldakorrak. Kontserbadoreek tradizio zaharrei eutsi nahi diete, benetakotasunaren izenean; benetakotasun berbera aipaturik, aurrerakoiak tradizio berrien xerka ari dira. Biek ala biek tentazio berbera dute (dugu): tradizioak Tradizioarekin identifikatzea eta hori Tradizioari traizioa egitea da.
Lukasek bezala, behin eta berriro “zehatz-mehatz aztertu” behar dugu Berri Onaren “haria” giza historian, oskola eta mamia bereizteko.
Lukasek berak ematen digu bere azterketaren emaitza, hots, Tradizioaren lorratza giza historian: Jainkoaren onginahia Jesusengan bete egiten dela gure gaurko orainean Espirituaren indarrez. Eta horren zeinu historikoak argiak dira: gatibuak aske geratzen dira, zapalduak bezala; itsuek argi ikusten dute; indarkeria ez da azken hitza; lur arrotz urruneko etorkinei harrera duina ematen diegu…
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments