HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urtarrilak 25
Aldi hartan, Jesus Hamaikei agertu eta esan zien: «Zoazte mundu guztira eta hots egin Berri Ona izaki guztiei. Sinetsi eta bataiatzen dena salbatuko da; sinesten ez duena, berriz, kondenatuko. Sinesten dutenek seinale hauek izango dituzte lagun: nire izenean deabruak botako dituzte, hizkuntza berrietan mintzatuko dira, sugeak eskuetan hartuko dituzte eta, edari hilgarriren bat edanda ere, ez die kalterik egingo; gaixoei eskuak ezarriko dizkiete eta sendatu egingo dira».
Markos 16, 15-18.
Berri Ona ez da doktrina bat, pertsona bat baizik eta berak dakarren harreman-mundu berria, giza bizitzan aldarrikatzen den agintza (promesa), giza historia urratuaren lurpeko hazirik txikiena, non datzan benetako bizitzaren betetasuna.
Biologikoki gaixotu gaitezke edonoiz eta, nahiz eta unean uneko gure gaitzak sendatu, hilkorrak gara; gure biologiak iraungitze data du.
Berri Onaren agintzak dakar ez garela soilik biologia; biologiaren barnean baina biologiaz haragoko harreman-mundu bat eraikitzen dugu eta hark eraikitzen gaitu. Gizakiaren hondamendia dator harreman-mundu hori gaixotzen eta usteltzen denean; hori da gure infernua eta deabruaren erreinua.
“Bataiatzen dena salbatuko da”. Jesusekiko harremana norberaren harreman-fundatzailetzat hautatzea da bataioa. Harreman hori gure harreman-iturri baldin bada, deabruarenak egin du, gizakien hizkuntza guztiak –arrotzak izatetik urrun– etxekotuak eta kutunak izango ditugu, harreman pozoitsuek eta intentzio gaiztokoek ez digute kalterik egingo. Azkenik, giza bizitza sendatua izango da.
Berri Ona agintza bat da, estreinatzako mundu berri baten aukera.
Berri Onak bizi bagaitu, ez ezkutatu. Aldarrikatu!
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments