HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urtarrilak 24
Aldi hartan, Jesus mendira igo zen, berak nahi izan zuenei dei egin zien, eta haiek hurbildu egin zitzaizkion. Hamabien taldea eratu zuen, berarekin bizitzeko eta Berri Ona hots egitera bidaltzeko; eta deabruak botatzeko ahalmena eman zien. Hamabi hauek aukeratu zituen: Simon –honi Pedro izena ipini zion–, Santiago Zebedeorena eta Joan, Santiagoren anaia –hauei Boanerges izena ipini zien, hau da, «Trumoi-kume»–, Andres, Felipe, Bartolome, Mateo, Tomas, Santiago Alfeorena, Tadeo, Simon Zelote eta Judas Iskariote, Jesus saldu zuena.
Markos 3, 13-19.
Jesusek ez zuen lehenengo taldea bildu bere zeregina hobeto antolatzeko, ezta bere mezua eraginkorrago izateko ere. Talde horrek zentzu sakramentala zeukan (dauka): Jesusek zioena (dioena) gauzatzen zen (da).
Jainkoaren erregetzaren oraina zen Jesusen aldarrikapena: giza harremanak bizitzeko modua, non txikiena inportanteena zen, non ondasun guztiak partekatzen ziren, non zoriontasunen aldarrikapena betetzen zen…
Hasierako komunitatean, Jesusen hotsa giza historia bihurtzen zen. Komunitate horrek bizi zuena hots egitera deitua zen eta hots egiten zuena bizitzera. Komunitate horrek deabrua (sufrimenduaren iturria eta sufrimendu oro) botatzeko ahalmena zeukan.
Hori da giza historian argia eta gatza izatea, hori da Elizaren identitatea eta arrakasta. Hortaz, Eliza ez da bere baitakoa, erromes bilatzailea baizik: beti bidean, beti krisian, beti erreforman, berak ez baitu helmuga aukeratzen ezta bere identitatea definitzen ere.
Giza historiaren itsaso zakarrean, hasierako haiei txalupa hartako arraunlari xumeak izatera nola dei egin, hala, gaur egun, gutariko bakoitzari, gutariko bakoitzaren izenez dei egiten digu.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments